2 Kronikak 10 EABD

JUDAKO ERREGEEN HISTORIA (10,1—36,23)

Sikemgo batzarra

1 Roboam Sikemera joan zen, Sikemen batzartua baitzegoen Israel osoa, hura errege izendatzeko.

2 Nebaten seme Jeroboam Egipton zen, Salomon erregeagandik ihesi joana. Sikemgoa jakin zuenean, etorri egin zen Egiptotik.

3 Dei egin zioten Jeroboami, eta, israeldar guztiekin, Roboamengana joan zen, esatera:

4 —Zuen aitak uztarri astuna ezarri zigun. Arindu, bada, zuen aitak ezarri zigun morrontza gogorra eta uztarri astuna, eta zerbitzari izanen gaituzu.

5 Roboamek erantzun zien:—Zatozkidate berriro hiru egun barru.Eta herriak alde egin zuen.

6 Roboam erregeak, beraren aita Salomon bizi zelarik, haren zerbitzari izaniko kontseilariei galdetu zien:—Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot herriari?

7 Kontseilariek erantzun zioten:—Onez hartu, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.

8 Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9 —Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan herriari?

10 Erregearen kideko ziren gazteek erantzun zioten:—Hona zer erantzun behar diozun zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun herri horri: «Nire atzamar txikia lodiagoa da gure aitaren gerria baino.

11 Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12 Hiru egunen buruan etorri ziren Jeroboam eta herri osoa Roboamengana, itzultzeko esana zien egunean.

13 Roboam erregeak oso zakar erantzun zien, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe

14 eta gazteek emanaren arabera: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15 Erregeak, beraz, ez zion entzun herriari. Eta horretaz baliatu zen Jainkoa, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

Erreinua erdibitua

16 Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:«Ez dugu deus ere nahi Davidekin!Ez dugu parterik nahiJeseren semearekin!Zeuen etxoletara, israeldarrok!Zaindu zeuk zeure etxea, David!»Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren.

17 Hala ere, Judako hirietan bizi ziren israeldarrek Roboam izan zuten errege.

18 Lanera behartutakoen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek, baina israeldar guztiek harrika eman eta hil egin zuten. Orduan, Roboam erregea bere guda-gurdira bizkor igo eta Jerusalemera joan zen ihesi.

19 Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36