2 Kronikak 24 EABD

Joaxek tenplua konponarazi

1 Zazpi urte zituen Joaxek errege izaten hastean, eta berrogei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Tzibia zuen izena eta Beer-Xebakoa zen.

2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek, Joiada apaiza bizi izan zen bitartean.

3 Joiadak bi emazterekin ezkonarazi zuen, eta hauek seme-alabak eman zizkioten.

4 Aldi hartan, Joaxek Jaunaren etxea konpontzeko erabakia hartu zuen.

5 Apaizak eta lebitarrak bildu eta esan zien: «Zoazte Judako hiri guztietara eta bildu israeldar guztien artean zeuen Jainkoaren etxea urtero konpontzeko behar den dirua. Ibili bizkor!»Lebitarrak, ordea, ez ziren bizkor ibili.

6 Orduan, erregeak Joiada apaiz nagusiari dei egin eta esan zion: «Zergatik ez zara ahalegindu lebitarrek Judan eta Jerusalemen zerga bil zezaten? Jaunaren zerbitzari Moisesek eta israeldarren biltzar osoak ezarri zuten zerga hori, Jaunaren itun-agiria gordetzen zen oihal-etxolarako.

7 Badakizu Ataliak, emakume maltzur hark, eta beraren kidekoek Jainkoaren etxea hondatzen utzi zutela eta, gainera, Baalen kulturako erabili ohi zituztela tenpluko gauza sakratu guztiak».

8 Orduan, erregeak atabaka bat eginarazi eta kanpoan, Jaunaren etxeko atean, ipintzeko agindu zuen.

9 Gero, Judan eta Jerusalemen jakinarazi zuten Jainkoaren zerbitzari Moisesek basamortuan Israeli ezarritako zerga ekarri behar zitzaiola Jaunari.

10 Agintariek eta herri osoak, pozez beterik, beren dirua ekarri eta atabaka betetzeraino eman zuten.

11 Noizean behin lebitarrek erregeari eraman ohi zioten atabaka, iker zezan, eta, diru asko zegoela ikustean, erregearen idazkariak eta apaiz nagusiaren ordezkariak etorri eta hustu egiten zuten atabaka, gero berriro bere tokian ipintzeko. Halaxe egin ohi zuten egunero, eta diru asko bildu zuten.

12 Erregeak eta Joiadak Jaunaren etxean egiten ari ziren lanen arduradunei ematen zieten dirua, eta hauek Jaunaren etxea konpontzen ari ziren hargin eta zurginei ordaintzen zieten, baita tenplurako burdingintzan eta brontzegintzan ari zirenei ere.

13 Langileek gogoz ekin zioten konponketari eta haien ahaleginaz aurrera zihoan lana. Horrela, bere lehengo itxura eman zioten Jainkoaren etxeari eta sendotu.

14 Lanak bukatzean, gainerako dirua erregeari eta Joiadari eraman zieten, eta hauek tenpluko kulturako eta erre-oparietarako behar ziren tresnak, urrezko eta zilarrezko ontzi eta gauzak eginarazi zituzten.Joiada apaiza bizi izan zen bitartean, hutsik egin gabe, egunero eskaini ohi ziren erre-opariak Jaunaren etxean.

Joax Jainkoarengandik aldendu

15 Baina, zahartzaro luzearen ondoren, ehun eta hogeita hamar urte zituelarik hil zen.

16 Daviden Hirian lur eman zioten, erregeen ondoan, on handia egin baitzuen Israelen, Jainkoaren eta tenpluaren alde.

17 Joiada hiltzean, Judako buruzagiak erregea agurtzera etorri ziren, eta erregeak entzun egin zien.

18 Jaunaren, beren arbasoen Jainkoaren, tenplua utzirik, zutoin sakratuei eta idoloei kultua ematen hasi ziren. Halako bekatuak Jaunaren haserrea piztu zuen Juda eta Jerusalemen aurka.

19 Jaunak profetak bidali zizkien beregana itzularazteko; baina, profetek burubide onak eman arren, ez zieten entzun.

20 Jainkoaren espirituak harturik, Joiada apaizaren seme Zakariasek, jendeari aurre eginez, esan zuen: «Hau dio Jainkoak: “Zergatik hautsi dituzue Jaunaren aginduak? Gaizki bukatu behar duzue. Zuek ni baztertu nauzuelako, nik ere baztertu egiten zaituztet”».

21 Zakariasen kontra jaiki eta, erregearen aginduz, harrika eman zioten denek Jaunaren etxeko atarian.

22 Horrela, Zakariasen aita Joiadak erregearekiko izan zuen onginahia ahazturik, haren semea hilarazi zuen Joax erregeak. Baina hiltzeko zorian zegoela, Zakariasek esan zuen: «Ikus beza hau Jaunak eta eska biezazkizu kontuak».

Joaxen erregealdiaren bukaera

23 Hurrengo urtean, siriar gudarosteak eraso egin zion Joaxi. Judan eta Jerusalemen sartu, herriko agintariak hil eta harrapakin guztiak Damaskoko erregeari igorri zizkioten.

24 Siriar gudarosteak ez zuen gizon askorik, baina Jaunak eskura eman zion Judako gudaroste handia, hauek baztertu zutelako Jauna, beren arbasoen Jainkoa. Horrela eman zioten merezia Joaxi.

25 Alde egitean, siriarrek larriki zauritua utzi zuten Joax. Orduan, funtzionarioek, Joiada apaizaren semea hilaraztea mendekatzeko, bere ohean hil zuten erregea.Daviden Hirian lur eman zioten Joaxi; baina ez erregeen hilobian.

26 Hona hemen erregearen kontra jaiki ziren funtzionario haien izenak: Ximeat amondarraren seme Zabad eta Ximrit zeritzan emakume moabdarraren seme Jozabad.

27 Joaxen seme-alaben zerrenda, haren kontrako profezia ugariak eta Jainkoaren etxearen berrikuntza «Erregeen Liburuaren Azalpenak» delakoan daude idatziak. Hurrengo erregea haren seme Amatzias izan zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36