2 Kronikak 13 EABD

Judako errege Abiasen eta Israelgo errege Jeroboamen arteko gerra

1 Jeroboamen erregealdiko hemezortzigarren urtean hasi zen Abias Judako errege izaten.

2 Hiru urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Mikaia zuen izena, eta Gibako Urielen alaba zen.Gerran ziren elkarren kontra Abias eta Jeroboam.

3 Abias laurehun mila gudari aukeratu eta adoretsurekin abiatu zen borrokara; Jeroboamek, berriz, zortziehun mila gudari ausartekin egin zion aurre.

4 Orduan, Efraimgo mendialdean dagoen Tzemaraim gailurrera igo eta honela egin zien oihu Abiasek Jeroboami eta Israel erreinuko gudariei: «Entzun!

5 Ez al zarete oroitzen Jaunak, Israelen Jainkoak, aldaezineko ituna egin zuela, Davidi eta beronen ondorengoei Israelgo erregetza betiko emanez?

6 Jeroboam, ordea, Daviden seme Salomonen zerbitzari zen Nebaten semea, bere nagusiaren aurka errebelatu da.

7 Jende alfer eta maltzur-gaiztoa elkartu zitzaion, eta menpean hartu zuten Salomonen seme Roboam; gaztea eta izaera ahulekoa baitzen hau halakoei aurre egiteko.

8 Eta orain zuek aurre egin nahi diozue, Jaunak Daviden ondorengoen esku utzi zuen erregetzari, gudaroste handia zaretelako eta Jeroboamek jainkotzat egin zizkizuen urrezko zekorrak zeuekin dituzuelako!

9 Bota egin dituzue Jaunaren egiazko apaizak, Aaronen ondorengoak, baita lebitarrak ere, eta, herri arrotzek bezala, zeuen apaizak izendatu. Norbait apaiz izan nahian, bere abere-taldeko zekor bat eta zazpi ahari dakartzala etortzen bazaizue, berehala egiten duzue gezurrezko jainko horien apaiz.

10 Guk, aldiz, Jauna dugu geure Jainkoa, eta ez dugu baztertu. Jaunaren zerbitzura ditugun apaizak Aaronen ondorengoak dira, eta kultua betetzen duten lebitarrak.

11 Goizero eta arratsaldero erre-opariak eskaintzen dituzte eta intsentsua erretzen Jaunarentzat; eskainiriko ogiak mahai sakratuan jartzen dituzte, eta arratsaldero pizten urrezko argimutila eta beronen kriseiluak. Betetzen ditugu guk Jaunaren, geure Jainkoaren, oharrak; zuek, ordea, baztertu egin duzue Jauna.

12 Begira, Jainkoa dugu geure buruzagi, eta geurekin ditugu haren apaizak, baita turuta ozenak ere zuen kontra jotzeko. Israeldarrok, ez borrokatu Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren, kontra, ez baituzue garaipenik izango».

13 Bitartean, Jeroboamek gudari-talde bat bidali zuen, itzulingurua eginez, Judakoak atzetik harrapa zitzan. Judakoak inguratuak gertatu ziren, israeldar gudarostea aurretik eta gudari-talde hura atzetik zituztela.

14 Borroka aurretik eta atzetik zutela ohartzean, deiadar egin zioten Judakoek Jaunari. Apaizek turutak jo zituzten,

15 eta Judako gizonek guda-deiadarra bota. Deiadarra bota orduko, Jainkoak lur joarazi zien Jeroboami eta Israel osoari, Abiasen eta Judaren aurrean.

16 Israeldarrak ihesi abiatu ziren Judakoen aurretik, baina Jainkoak hauen esku utzi zituen.

17 Abiasek eta beronen gudarosteak izugarrizko sarraskia egin zuten israeldarren artean: bostehun mila gudari aukerako erori ziren hilik.

18 Egun hartan israeldarrak apal-apal gelditu ziren; Judakoak, berriz, garaile, Jauna, beren arbasoen Jainkoa, izan zutelako eusle.

19 Abiasek, Jeroboamen atzetik joan eta zenbait hiri kendu zizkion: Betel, Jexana, Efron eta hauen inguruak.

20 Jeroboam indargabeturik gelditu zen, Abias bizi izan zen artean. Azkenik, Jaunak jo eta hil egin zen Jeroboam;

21 Abias, berriz, indartu. Hamalau emazte izan zituen honek, hogeita bi seme eta hamasei alaba.

22 Abiasen gainerako jarduerak, ibilerak eta egintzak «Ido Profetaren Azalpenak» izeneko liburuan daude idatziak.

23 Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Abias. Ondorengo erregea haren seme Asa izan zen.Asaren erregealdian hamar urtez bakea izan zen lurralde hartan.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36