2 Kronikak 4 EABD

Tenpluko tresnak

1 Brontzezko aldarea ere eginarazi zuen Salomonek; hamar metro zen luze-zabal eta bost metro gora.

2 Ondoren, brontzea urtu eta «Itsaso» deitu zuen uraska biribila eginarazi zuen; bost metroko diametroa zuen, bi metro eta erdiko sakona eta hamabost metroko ingurua.

3 Ertzaren azpialdean, inguru guztian, zezen-irudiak zituen, hogei zezen metro bakoitzeko, bi lerrotan jarriak, uraska egin zeneko urtzaldi berean eginak.

4 Hamabi zezenen gainean zegoen uraska; hiru zezen iparraldera begira zeuden, beste hiru mendebaldera, beste hiru hegoaldera eta beste hiru ekialdera; atzeak barnealdera zituzten.

5 Uraskaren lodiera esku-arra betekoa zen. Ezpainak lili-kaliza bezalakoak ziren. Ehun eta hogei mila litro hartzen zuen uraskak.

6 Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.

7 Urrezko hamar argimutil ere egin zituen, agindutako ereduaren arabera, tenpluko sala handian ezartzeko, bost eskuinaldean eta beste bostak ezkerraldean.

8 Hamar mahai egin zituen eta sala handian ipini, bost eskuinaldean eta bost ezkerraldean. Urrezko ehun isipu-ontzi ere egin zituen.

9 Apaizen ataria eta beste atari handiagoa egin zituen, bere ate eta guzti; ateak brontzez jantzi zituen.

10 Brontzezko uraska handia tenpluaren eskuinaldean hego-ekialdera ezarri zuen.

11 Azkenik, pertzak, hauts-palak eta isipu-ontziak egin zituen Huramek. Honela bukatu zituen Jainkoaren etxerako Salomonek agindu zizkion lanak.Hona hemen lan horien zerrenda:

Huramek tenplurako eginiko lanen zerrenda

12 bi zutabe, zutabe horien buruetan zeuden kapiteletarako bola bana, zutabeburuetako kapiteletan zeuden bola haiek apaintzeko sare bana,

13 laurehun granada-fruitu, bi sareetan ezartzeko, bina lerro sare bakoitzean, zutabeburuetan zeuden kapiteletako bi bolak apaintzeko;

14 orgak eta hauetan ur-ontziak;

15 «Itsaso» zeritzan uraska —bat bakarra—, eta beroni eusteko hamabi zezen;

16 pertzak, hauts-palak eta sardexkak eta berauen tresneria.Huram-Abik, Salomon erregearen aginduz, Jaunaren etxerako egin zituen tresna hauek guztiak brontze leunduzkoak ziren denak.

17 Jordango lautadan urtarazi zuen erregeak brontze hura, lurra buztintsua zen tokian, Sukot eta Tzeredata artean.

18 Hain ugari eginarazi zituen Salomonek tresna haiek, ezen ezin baitzen jakin zenbat pisatzen zuen brontze-multzo hark.

19 Era berean, Jaunaren etxerako behar ziren beste gauza guztiak ere eginarazi zituen Salomonek: aldarea, urrezkoa; eskainiriko ogiak jartzeko mahaiak;

20 santutegiaren aurrean, agindua dagoen bezala, argi egin behar zuten argimutilak beren kriseiluekin, urre garbizkoak;

21 loreak, kriseiluak eta su-hatzak, urre garbizkoak;

22 labanak, isipu-ontziak, zaliak eta intsentsu-ontziak, urre garbizkoak hauek ere. Tenpluko ateak ere, nahiz toki santu-santurakoak nahiz sala handirakoak, urrezkoak ziren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36