1 Hogei urte behar izan zituen Salomonek Jaunaren etxea eta bere jauregia eraikitzeko.
2 Gero, Huram erregeak emandako hiriak berreraiki zituen, israeldarrak beraietan bizi zitezen.
3 Ondoren, Hamat-Tzoba hiriari eraso eta hartaz jabetu zen.
4 Basamortuan Tadmor hiria eta Hamat lurraldean ere hiriak eraiki zituen, janari-biltegi izateko.
5 Bet-Horon Goikoa eta Bet-Horon Azpikoa ere berreraiki zituen; hiri gotortuak izan ziren hauek, harresi, ate, morroilo eta guzti.
6 Orobat, Baalat eta beronenak ziren biltegi-herrixkak berreraiki zituen, baita guda-gurdi eta zaldiak gordetzekoak ere. Nahi izan zuen guztia eraiki zuen Salomonek, nola Jerusalemen hala Libanon eta bere menpeko lurralde osoan.
7 Israeldar ez ziren hitita, amortar, periztar, hibiar eta jebustarren artetik bizirik gelditu zirenak,
8 hau da, israeldarrek suntsitu ezinik herrialde hartan gelditu zirenen ondorengoak, lan egitera behartu zituen Salomonek, gaurdaino.
9 Israeldarren artetik, ordea, ez zuen inor esklabo izatera behartu; baizik eta bere gudari, ofizial eta gurditeriaren eta zalditeriaren arduradun egin zituen.
10 Salomonek antolatu zituen lanen arduradun-buruak, berriz, berrehun eta berrogeita hamar ziren; hauek gainbegiratzen zituzten langileak.
11 Salomonek, bere emazteetarik bat, faraoiaren alaba, Daviden Hiritik berarentzat eraikitako jauregira igoarazi zuen, bere baitan esanez: «Nire emazte honek ez du zilegi Israelgo errege Daviden jauregian bizitzea, santuak baitira Jaunaren kutxa egon deneko tokiak».
12 Salomonek erre-opariak eskaintzen zituen Jaunarentzat, atalondo aurrean eraikia zuen aldarean.
13 Moisesek aginduaren arabera, egunero eskaintzen zituen erre-opariak, baita larunbatetan, ilberri-jaietan eta urteko jai nagusietan ere: Legamia gabeko Ogien Jaian, Asteen Jaian eta Etxola Jaian.
14 Bere aita Daviden aginduari jarraituz, Salomonek apaiz-taldeei beren eginkizunak ezarri zizkien; lebitarrei, Jaunaren gorespenak kantatu eta apaizei eguneroko kultuan laguntzekoa. Atezain-taldeei tenpluko ateak zaintzeko eginkizuna eman zien, Davidek, Jainkoaren gizonak, agindu bezala.
15 David erregeak apaizei eta lebitarrei buruz emaniko agindu guztiak bete zituzten denek, baita altxorrei buruzkoak ere.
16 Horrela burutu zuen Salomonek bere asmoa, lehen harria ezarri zutenetik Jaunaren etxea bukatu arte. Erabat burutua zen, beraz, tenplua.
17 Ondoren, Etzion-Geber eta Elatera joan zen Salomon. Hiri hauek Itsaso Gorriaren ertzean daude, Edom lurraldean.
18 Tiroko errege Huramek, funtzionario batzuen bidez, itsasontziak eta itsasgizon trebeak bidali zizkion Salomoni, eta haiek, Salomonen zerbitzariekin batera, Ofir-era joan eta hamabost tona inguru urre ekarri zioten Salomon erregeari.