2 Kronikak 36 EABD

Josiasen ondorengo erregeak

1 Herriko jendeak Josiasen seme Joakaz izendatu zuen errege, aitaren ordez.

2 Hogeita hiru urte zituen Joakazek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen.

3 Egiptoko Neko erregeak Jerusalemgo errege izatea Joakazi kendu eta zerga ezarri zion herriari: hiru mila kilo zilar eta hogeita hamabost kilo urre ordaindu behar zuten.

4 Egiptoko erregeak Joakazen anaia Eliakim ezarri zuen Judako eta Jerusalemgo errege; baina izena aldatu zion, Joiakim deituz. Joakaz, berriz, Egiptora eraman zuen preso.

5 Hogeita bost urte zituen Joiakimek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Jaunari, bere Jainkoari, atsegin ez zaiona egin zuen.

6 Babiloniako Nabukodonosor erregeak eraso eta, brontzezko bi katez loturik, Babiloniara eraman zuen.

7 Jaunaren etxeko zenbait ontzi ere eraman zuen Nabukodonosorrek Babiloniara, eta bertan zuen jauregian ezarri.

8 Joiakimen gainerako jarduerak, egin zituen gauza higuingarriak eta gertatu zitzaiona «Israelgo eta Judako Erregeen Liburuan» daude idatziak. Hurrengo erregea haren seme Joiakin izan zen.

9 Zortzi urte zituen Joiakinek errege izaten hastean, eta hiru hilabete eta hamar egunez izan zen errege Jerusalemen. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen.

10 Hurrengo urtean, Nabukodonosorrek talde bat bidali zuen, Joiakin preso hartu eta, Jaunaren etxeko zenbait ontzi ederrekin batera, Babiloniara eraman zezaten. Joakinen ordez, beraren osaba Sedekias ezarri zuen Nabukodonosorrek Judako eta Jerusalemgo errege.

Jerusalemen hondamena

11 Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen.

12 Jaunari, bere Jainkoari, atsegin ez zaiona egin zuen. Eta Jeremias profetak Jaunaren izenean hitz egin zion arren, Sedekias ez zen apaldu.

13 Gainera, Nabukodonosor erregearen kontra jaiki zen, leial izango zitzaiola Jainkoaren izenean zin egina zion arren. Setatsu izan zen eta ez zuen inola ere Jaunarengana, Israelen Jainkoarengana, itzuli nahi izan.

14 Apaizburuek eta herriak ere okerkeria okerkeriaren gainean egiten zuten, arrotzen ohitura higuingarriak hartuz. Jaunak Jerusalemen beretzat sagaratua zuen tenplua ere kutsatu egin zuten.

15 Jaunak, beren arbasoen Jainkoak, etengabe egin zizkien oharrak bere mezularien bidez; izan ere, errukia baitzien bere herriari eta bere egoitzari.

16 Baina haiek Jainkoaren mezulariei iseka egin, beraien esanak gutxietsi eta barre egiten zieten profetei. Jaunak bere herriaren kontra zuen haserrea gainez egiteraino handitu zen eta ez zen salbabiderik izan.

17 Orduan, Jainkoak etorrarazi zuen Babiloniako erregea jende haren kontra, eta hark hango gazteak ezpataz hil zituen tenpluan bertan; ez zien barkatu ez mutilei, ez neskei, ez zaharrei, ez agureei: Jainkoak dena haren esku utzi zuen.

18 Jainkoaren etxeko tresnak, handiak nahiz txikiak, tenpluko eta jauregiko altxorrak, baita buruzagienak ere, Babiloniara eraman zituen denak.

19 Gero, Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresia bota eta su eman zien jauregiei eta bertako gauza ederrei, dena hondatuz.

20 Bizirik geldituak Babiloniara erbesteratu zituen. Han erregearen eta beronen ondorengoen esklabo izan ziren, harik eta pertsiarren erregealdia etorri zen arte.

21 Horrela bete zen Jaunak Jeremias profetaren ahoz esana: «Hirurogeita hamar urtez egongo da utzia lurralde hau, hondamenaldi osoan zehar, Jaunari ukatu zizkioten atseden-urteak bete arte».

22 Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetaren ahoz iragarria bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok hitzez eta idatziz bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen:

23 «Hau agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit. Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez hara, Jauna, beren Jainkoa, lagun dutela!»

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36