2 Kronikak 34 EABD

Josiasen erregealdia

1 Zortzi urte zituen Josiasek errege izaten hastean, eta hogeita hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen.

2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere arbaso Daviden jokabideari denetan jarraituz, ezertan ere okertu gabe.

3 Bere erregealdiko zortzigarren urtean, oraino gazte zelarik, bere arbaso Daviden Jainkoarengana jo zuen. Eta hamabigarren urtean Juda eta Jerusalemdik kultu-lekuak, zutoin sakratuak eta zurezko nahiz metalezko idoloak kentzen hasi zen.

4 Bere begi-bistan botarazi zituen Baalen aldareak, berauen gainean zeuden intsentsu-ontziak hautsiz; zutoin sakratu eta zurezko nahiz metalezko idoloak xehatu eta puskak halakoei sakrifizioak eskaintzen zizkietenen hilobi gainean barreiatu zituen.

5 Sasiapaizen hezurrak, berriz, beraien aldareetan beretan errearazi zituen. Horrela egin zuen Juda eta Jerusalemen garbikuntza.

6 Eta Manases, Efraim, Simeon eta Neftalirainoko herrixketan eta inguruetako lurraldeetan ere

7 aldareak eta zutoin sakratuak bota, idoloak xehe-xehe egin eta intsentsua erretzeko aldareak desegin zituen, eta halaxe Israel lurralde osoan. Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.

Josiasek lege-liburua aurkitu

8 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, lurraldearen eta tenpluaren garbikuntza egin ondoren, Atzaliasen seme Xafani, hiriko gobernari zen Maaseiasi eta Joakazen seme Joah idazkariari Jaunaren, bere Jainkoaren, etxea konpontzeko mandatua eman zien erregeak.

9 Hauek Hilkias apaiz nagusiagana joan eta Jainkoaren etxean bildutako dirua eman zioten. Diru hura Manases, Efraim eta Israelgo beste lurraldeetako jendeak, Juda, Benjamin osoko eta Jerusalemgo jendeak emana zen, eta atezain zeuden lebitarrek jasoa.

10 Jaunaren etxeko konponketen arduradunei eman zieten dirua; hauek, berriz, tenplua konpontzen eta berritzen ari ziren langileei.

11 Zurginei eta igeltseroei ere eman zieten, harlanduak eta zura eros zitzaten, habeak egiteko eta Judako erregeek hondatzen utzi zituzten eraikuntzen hormak eta habeak berritzeko.

12 Zintzo ari ziren langile haiek lanean. Merariren ondorengoetako Jahat eta Obadias, eta Kehaten ondorengoetako Zakarias eta Mexulam lebitarrak ziren lan haiek zuzentzeko arduradunak. Musika-tresnak jotzen zekitenez, lebitarrek

13 gidatzen zituzten eramaileak eta zuzentzen gainerako langileak. Beste lebitar batzuk idazkari ziren, begirale nahiz atezain.

14 Behinola, Jaunaren etxerako emana zen dirua ateratzen ari zirelarik, Jaunak Moisesi emaniko lege-liburua aurkitu zuen Hilkias apaizak.

15 Hilkiasek esan zion Xafan idazkariari: «Lege-liburua aurkitu dut Jaunaren etxean». Eta Xafani eman zion Hilkiasek liburua.

16 Xafanek, liburua erregeari eramanez, lanen berri eman zion, esanez:—Ari dira egiten zure zerbitzariak agindu zaien guztia.

17 Atera dute Jaunaren etxean zegoen dirua eta eman diete lan-arduradunei eta langileei.

18 Ondoren, esan zion Xafan idazkariak erregeari:—Hilkias apaizak liburu hau eman dit.Eta Xafanek irakurri egin zuen liburua erregearen aitzinean.

Josiasek Hulda profetesari kontsulta

19 Lege-liburuak zioena aditzean, bere jantziak urratu eta

20 agindu hau eman zien Hilkiasi, Xafanen seme Ahikami, Mikaren seme Abdoni, Xafan idazkariari eta erregearen ministro zen Asaiasi:

21 —Zoazte eta kontsulta egin Jaunari nire izenean eta Israelen bizirik gelditutakoen eta Judakoen izenean, aurkitu duten liburu honek dioenaz. Izan ere, haserre bizitan egon behar du Jaunak gurekin, gure arbasoek Jaunaren hitzari kasurik egin ez diotelako eta liburu honetan idatzia bete ez dutelako.

22 Orduan, Hulda profetesagana joan ziren Hilkias eta erregeak izendatutako besteak. Profetesa hura Jerusalemgo auzategi berrian bizi zen. Haren senar Xalum, Tokhaten seme eta Hasraren biloba, tenpluko jantzien arduraduna zen. Adierazi zioten arazoa Huldari,

23 eta honek erantzun zien:—Hau dio Jaunak: «Esaiozue bidali zaituztenari

24 hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak: “Judako erregearen aurrean irakurri duten liburuko hitzek adierazitako madarikazio guztiak betez, hondamendia bidaliko dut toki honetara eta bertan bizi direnen gainera.

25 Baztertu nautelako, jainko arrotzei intsentsua erre dietelako eta idoloak eginez iraindu nautelako, sutu egin zait haserrea toki honen kontra eta ez zait itzaliko”.

26 Baina Jaunari kontsulta egitera bidali zaituzten Judako erregeari esaiozue hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, entzun dituzun hitzei buruz:

27 “Entzun duzu nik toki honetan bizi direnen kontra esan dudana. Horregatik, zure bihotza bigundu egin da eta apaldu egin zara nire aurrean. Nire aurrean apaldu zarelako, zeure jantziak urratu eta negar egin duzulako, nik ere entzun dizut. Hala diot nik, Jaunak.

28 Beraz, toki honetara bidaliko dudan hondamen hori ikusi baino lehen zeure arbasoengana bilduko zaitut, eta bakean ehortziko zaituzte zeure hilobian”».Hala, mandatariek erregeari eraman zioten erantzun hori.

Josiasek eta herriak ituna egin Jainkoarekin

29 Orduan, Judako eta Jerusalemgo arduradun guztiak bil zitezen agindu zuen erregeak.

30 Gero, erregea Jaunaren etxera igo zen, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiak berekin zituela: apaizak, lebitarrak eta jende guztia, handi nahiz txiki. Eta Jaunaren etxean aurkituriko itun-liburuak dioen guztia irakurri zien erregeak ahots handian.

31 Ondoren, oholtzaren gainean zutik, erregeak Jaunarekiko ituna berritu zuen: jarraituko ziotela Jaunari eta beteko zituztela bihotz-bihotzez eta gogo handiz haren agindu, burubide eta arauak, eta beteko zituztela liburu hartan idatziak zeuden itun-arau guztiak.

32 Jerusalemen zeuden guztiei, baita Benjamingoei ere, onarrarazi egin zien itun hura. Ordudanik, Jerusalemgo bizilagunek Jainkoarekin, beren arbasoen Jainkoarekin, egina zuten itunaren arabera jokatu zuten.

33 Ondoren, israeldarren lurraldean zeuden idolo higuingarri guztiak desagerrarazi zituen Josiasek, eta Israelen bizi zirenek Jauna, beren Jainkoa, gurtu zezaten ahalegindu zen. Josias bizi izan zen bitartean ez ziren urrundu Jaunarengandik, beren arbasoen Jainkoarengandik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36