2 Kronikak 18 EABD

Josafat, Israelgo errege Akabekin elkartu

1 Josafat oso aberats eta ospetsu izan zen eta, bere semearen ezkontzaz, Israelgo errege Akaben ahaide egin zen.

2 Zenbait urteren buruan Samariara jaitsi zen, Akab ikustatzera. Akabek ardi eta idi ugari hil zuen Josafatentzat eta beronekin zetorren jendearentzat. Gero, Galaadeko Ramoti erasotzeko zirikatu zuen

3 Israelgo errege Akabek Judako errege Josafat, esanez:—Nahi al duzu nirekin etorri Galaadeko Ramoti erasotzera?Josafatek erantzun:—Biok bat gara, nire gudarostea eta zurea ere bai. Zurekin joango gara gudura.

4 Eta erantsi zuen:—Begira lehenik zer dioen Jaunak.

Erregearen adiskide ziren profetek garaipena iragarri

5 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun lagun, eta galdegin zien:—Joango al gara Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?Haiek erantzun zioten:—Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.

6 Josafatek, ordea, galdetu zuen:—Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?

7 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati.—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari horren bidez; baina nik gorroto dut, gauza txarrak bakarrik iragartzen baitizkit, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zion:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.

8 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!

9 Israelgo erregea eta Judako Josafat, errege-jantzitan, aulki banatan zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.

10 Haietarik batek, Kenaanaren seme Sedekias deituak, eginak zituen burdinazko adar batzuk eta honela zioen: «Hau dio Jaunak: “Adar hauez adarkatuko dituzu siriarrak, desegin arte”».

11 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emango dizu Jaunak hiria!»

Mikeas profetak hondamendia iragarri

12 Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:—Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere.

13 Mikeasek erantzun:—Ala Jauna! Ene Jainkoak esango didana iragarriko dut.

14 Mikeas heldu zenean, esan zion erregeak:—Mikeas, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?Mikeasek erantzun:—Bai, bai, eraso! On egingo dizue! Eskura emanen dizue Jaunak.

15 Erregeak, orduan:—Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean?

16 Mikeasek erantzun:«Mendietan barreiatuaikusi dut Israel osoa,artzainik gabeko ardiak bezala.Hona zer dioen Jaunak:“Ez du jaberik jende horrek,itzul bedi nor bere etxera bakean”».

17 Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati:—Ez al dizut esan ez didala horrek ezer onik iragartzen, txarra baizik?

18 Mikeasek, berriz, honela jarraitu zuen:—Entzun, bada, Jaunaren hitza. Bere aulkian jarria ikusi dut Jauna, zeruko bere zerbitzari guztiak ezker-eskuin zutik zituela.

19 Honela zioen Jaunak: «Nork konbentzituko ote luke Israelgo errege Akab Galaadeko Ramoti erasotzeko, eror dadin?» Batek gauza bat zioen eta bestek bestea.

20 Orduan, espirituetariko batek aurreratu, Jaunaren aitzinean gelditu eta esan zuen: «Neuk konbentzituko dut». Jaunak galdetu zion: «Nola?»

21 Hark erantzun: «Erregearen profeta guztiei gezurra esanaraziko diet». Jaunak, orduan: «Konbentzituko duzu, bai. Baduzu horretarako ahalmena. Zoaz eta egizu horrela».

22 Beraz, Jaunak, zure profeta hauen guztien ahoan gezur-espiritua ezarri duenez, garbi dago, erabakia duela zure hondamena.

23 Orduan, Kenaanaren seme Sedekiasek masailekoa eman zion Mikeasi, esanez:—Nondik atera zait niri Jaunaren espiritua, zuri mintzatzeko?

24 Mikeasek erantzun:—Zeuk ikusiko duzu, gelaz gela gordeka joan beharko duzun egunean.

25 Orduan, Israelgo erregeak agindu zuen:—Heldu Mikeasi! Eraman hiriko gobernari Amonengana eta Joax printzearengana.

26 Eta esan hau agintzen dudala: Giltzapean sartu eta emateko ogia eta ura neurtua, harik eta ni borrokatik garaile itzuli arte.

27 Mikeasek esan zuen:—Benetan, zu garaile itzultzen bazara, Jaunak ez du nire ahoz hitz egin.

Israelgo errege Akab guduan hil

28 Israelgo erregea eta Judako errege Josafat igo ziren, bada, Galaadeko Ramoti erasotzera.

29 Israelgo erregea honela mintzatu zitzaion Josafati:—Nik jantziak aldatuko ditut borroka hasteko; zuk jarraitu zeure errege-jantziekin.Hala, Israelgo erregea jantziz aldatu zenean, borrokara abiatu ziren.

30 Siriako erregeak agindu hau emana zien bere guda-gurditeriaren arduradunei: «Ez eraso inori, ez txiki, ez handiri, Israelgo erregeari baizik».

31 Horrela, bada, guda-gurditeriaren arduradunek, Josafat ikustean, esan zuten:—Horra Israelgo erregea!Eta inguratu egin zuten, erasotzeko asmoz. Baina Josafat deiadarka hasi zen, eta Jaunak lagundu egin zion: atzera eginarazi zien Jainkoak erasotzaileei,

32 eta guda-gurdien arduradunek, hura Israelgo erregea ez zela oharturik, atzera egin zuten.

33 Baina gudari batek gezia itsu-itsuan jaurti eta Israelgo erregea zauritu zuen bular-oskolaren juntura artetik.Orduan, erregeak esan zion gurdi-gidariari:—Itzuli eta atera nazazu guda-zelaitik. Zauritu egin naute.

34 Egun hartan oso gogorra izan zen gudua; Israelgo erregeak bere guda-gurdian zutik egon behar izan zuen arratsa arte, siriarrei aurre eginez. Eguzkia sartzean, hil egin zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36