2 Kronikak 25 EABD

Amatziasen erregealdia

1 Hogeita bost urte zituen Amatziasek errege izaten hastean, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Joadan zuen izena eta Jerusalemgoa zen.

2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Amatziasek; ez, ordea, bihotz osoz.

3 Bere erregetzan sendotu zenean, hilarazi egin zituen Amatziasek bere aita Joax hil zuten funtzionarioak.

4 Hala ere, ez zituen hilarazi hiltzaile haien semeak, Moisesen legean Jaunaren agindu hau baitago idatzia: «Ez hil gurasoak seme-alaben erruengatik, ezta seme-alabak ere gurasoen erruengatik. Nor bere erruengatik hilko da».

Amatzias edomdarren aurka

5 Amatziasek bildu eta senitarteka antolatu zituen Juda eta Benjaminen leinuetako gizonak, mila gizonen eta ehun gizonen buruzagiak ezarriz. Hogei urtez gorakoak zenbaturik, hirurehun mila gizon aukerako aurkitu zituen, gudaritzarako gai eta lantza eta babeskia erabiltzeko gauza.

6 Gainera, israeldarren artetik beste ehun mila gudari ausart hartu zituen soldatapean, hiru mila eta bostehun kilo zilarren truke.

7 Baina Jainkoaren gizon batek etorri eta esan zion:—Errege jauna, ez eraman zeurekin Israelgo gizon horiek, Jauna ez baitago israeldarrekin, Efraimen ondorengo horiekin.

8 Eramaten badituzu, zeu borrokatu eta ahalegindu arren, Jainkoak estropezu eginaraziko dizu etsaien aurrean; lagun baitezake Jainkoak, baina hondatu ere bai.

9 Amatziasek galdetu zion Jainkoaren gizonari:—Eta israeldar gudariei eman diedan zilar hori guztia, zer?Jainkoaren gizonak erantzun zion:—Jaunak askoz gehiago eman diezazuke.

10 Orduan, Efraimdik etorritako gudariak etxera bidali zituen Amatziasek. Itzuli ziren haiek beren etxeetara, baina oso haserre Judakoen kontra.

11 Ondoren, Amatziasek, zeharo adoreturik, Gesaltza haranera gidatu zuen bere gudarostea eta han hamar mila gizon seirtar hil zituen.

12 Judakoek beste hamar mila gizon bizirik harrapatu zituzten eta, harkaitz-tontorrera igoarazirik, amildu egin zituzten handik.

13 Bien bitartean, Amatziasek berekin gudura eraman ordez etxera bidali zuen gudari-taldea Judako hirietan barrena ibili zen, Samariatik Bet-Horoneraino, hiru mila pertsona hilez eta harrapakin ugari ostuz.

Amatzias Israel erreinuaren kontra borrokan

14 Edomdarrak garaitu eta itzultzean, berekin ekarri zituen Amatziasek Seir-en ondorengo ziren haien idoloak eta, bere jainkotzat harturik, haien aurrean ahuspeztu eta intsentsua erre zien.

15 Haserretu zitzaion Jauna Amatziasi eta profeta bat bidali zion, esatera:—Zergatik jo duzu sasijainko horiengana, beren herria zure eskuetatik ezin izan dute libratu eta?

16 Bukatzen utzi gabe, erregeak ihardetsi zion:—Erregearen aholkulari izendatu al haugu? Aski duk! Hiltzea nahi al duk?Profetak hau besterik ez zuen gehitu:—Badakit Jainkoak zu suntsitzea erabaki duela, horrela jokatu eta nire aholkua entzun ez duzulako.

17 Orduan, Judako errege Amatziasek, aholkua eskaturik, mezulariak igorri zizkion Israelgo errege Joaxi, Joakazen seme eta Jehuren bilobari, esatera: «Zatoz, neur ditzagun indarrak!»

18 Israelgo errege Joaxek, aldiz, beste erantzun hau bidali zion Judako errege Amatziasi: «Behin batez garduak esan omen zion Libanoko zedroari: “Emaiok alaba nire semeari emaztetzat”. Baina Libanoko basabere batek hankazpian hartu zuen gardua.

19 Egia da edomdarrak garaitu dituzula eta harro zaudela horregatik. Izan zaitez harro zeure ospeaz, baina egon geldi zeure etxean. Zergatik nahi duzu zoritxarreko borroka hasi? Zeure burua eta zeurekin batera Juda hondatzeko?»

20 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan; erabakia baitzuen Jainkoak Amatzias Joaxen eskuetara ematea, Edomgo sasijainkoengana jo zuelako.

21 Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek indarrak neurtu zituzten Judako hiri Bet-Xemexen.

22 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara.

23 Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen Bet-Xemex hirian Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba, eta Jerusalemera eraman. Hango harresietan berrehun metroko zuloa eginarazi zuen, Efraimen atetik Kantoiko ateraino.

24 Gero, Jainkoaren etxean Obed-Edomen ardurapean zeuden urre, zilar eta tresna guztiak, jauregiko altxortegiko ondasunak eta gatibuak bahituran harturik, Samariara itzuli zen.

Amatziasen erregealdiaren bukaera

25 Israelgo errege Joax, Joakazen semea, hil eta gero, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea.

26 Amatziasen gainerako jarduerak, lehenengotik azkenera, «Judako eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.

27 Amatzias Jaunarengandik urrundu eta gero, azpilana egin zuten batzuek beraren aurka Jerusalemen. Orduan, erregeak Lakixera egin zuen ihes. Baina haren ondoren jendea Lakixeraino bidali eta bertan hil zuten.

28 Gero, zaldi gainean eraman eta bere arbasoen ondoan, Judako hiri batean, ehortzi zuten.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36