1 Hogei urte zituen Akazek errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Ez zuen Jaunari atsegin zaiona egin, bere arbaso Davidek ez bezala jokatuz.
2 Israelgo erregeen jokabidea hartu zuen, Baal sasijainkoak ohoratzeko idoloak egiteraino.
3 Eta Ben-Hinom haranean intsentsua erretzeaz gainera, bere semeak oparitzat erre zituen, Jaunak israeldarren aurretik egotziak zituen atzerritarren ohitura higuingarriei jarraituz.
4 Kultu-lekuetan, muinoetan eta edozein zuhaitz handiren azpian opariak eskaini eta intsentsua erre ohi zuen.
5 Jaunak, bere Jainkoak, siriarren erregearen esku utzi zuen Akaz; haiek menderatu egin zuten eta, beste gatibu askorekin batera, Damaskora eraman zuten. Israelgo erregearen esku ere utzi zuen, eta honek ere hondamen ikaragarria egin zion.
6 Israelgo errege hark, Remaliasen seme Pekahek, Judako ehun eta hogei mila gudari ausart hil zituen egun berean, Judakoek Jauna, beren arbasoen Jainkoa, baztertua zutelako.
7 Zikrik, gudari efraimdar adoretsu hark, erregearen ofiziala zen Maaseias hil zuen, baita Azrikam jauregizaina eta Elkana ministro nagusia ere.
8 Emakume, mutiko eta neskato, guztira berrehun mila lagun hartu zizkieten gatibu israeldarrek Judakoei, baita harrapakin ugari ere, eta Samariara eraman zituzten denak.
9 Bazen Samarian Jaunaren profeta bat, Oded izenekoa. Samariara itzulian zetorren gudarosteari bidera atera eta esan zien: «Jaunak, gure arbasoen Jainkoak, zuen esku utzi ditu Judakoak, berauen kontra haserre zegoelako. Baina zuek halako amorruz hil dituzue, ezen zeruraino heldu baita zuen egintzaren oihartzuna.
10 Gainera, zeuen morroi eta neskame egin nahi dituzue Judako eta Jerusalemgo gizon-emakumeok. Horrela, ez ote zarete zeuek ere errudun bihurtuko Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aurrean?
11 Entzun iezadazue, beraz, eta jaregin iezaieizue preso hartu dituzuen zeuen senide horiei; bestela, zuen kontra ere biziki haserretuko da Jauna».
12 Efraimdarren buruzagi batzuk, Johananen seme Azariasek, Mexilemoten seme Berekiasek, Xalumen seme Hizkiasek eta Hadlairen seme Amasak gudatik zetozenei aurre egin zieten,
13 esanez: «Ez ekarri hona preso horiek, Jaunaren aurrean bekatu egingo baikenuke. Bekatu eta oker gehiago egin nahi al duzue, gure errua aski handia ez delakoan eta Jauna Israelen kontra aski haserre eta sumindua ez dagoelakoan?»
14 Orduan, gudariek buruzagien eta batzarraren esku utzi zituzten presoak eta harrapakinak.
15 Gizon batzuk izendatu zituzten presoez ardura zitezen; harrapakinetarik hartu eta jantziak eman zizkieten larrugorri zeudenei, baita oinetakoak eta janari-edariak ere, eta ukenduz sendatu zituzten. Ondoren, elbarriturik zeudenak asto gainean ezarri eta Jerikora, Palmondoen hirira, eraman zituzten, beraien herritarrengana. Gero, Samariara itzuli ziren.
16 Aldi hartan, Akaz erregeak mezulariak bidali zizkion Asiriako erregeari laguntza eske.
17 Izan ere, edomdarrek berriro erasotua zuten Juda, eta preso asko hartuak zituzten.
18 Filistearrek ere erasoak eginak zizkieten Xefela lautadan eta Judako hegoaldean zeuden hiriei, eta, Bet-Xemex, Aialon, Gederot, Soko eta honen inguruak, Timna, Gimzo eta hauen inguruak harturik, beraietan kokatuak ziren.
19 Jaunak, horrela, apaldua zuen Judako erreinua, Akaz erregea zela eta; Judari zabarkeriara eragina baitzion Akazek eta Jauna baztertua.
20 Etorri zen, beraz, Asiriako errege Tiglat-Pileser; baina lagundu ordez, setiatu egin zuen Akaz.
21 Akazek Jaunaren etxeko, jauregiko eta buruzagien ondasunak hartu eta Asiriako erregeari eman zizkion arren, dena alferrik izan zen.
22 Asiriako erregea setiatzen ari zitzaion bitartean ere, Akaz erregeak Jaunaren kontra bekatu egiten jarraitu zuen:
23 Damaskoko sasijainkoei opariak eskaini zizkien, jainko haiek bera menderatua zuten arren. Hau zioen bere baitan: «Jainko horiei, siriarrei laguntzen dietenez, nik ere opariak eskainiko dizkiet, lagun diezadaten». Baina horrexek ekarri zion hondamena bai erregeari, bai Israel osoari.
24 Gero, Akazek Jainkoaren etxeko gauza sakratuak hartu, xehe-xehe egin, hiriko ateak itxi eta aldareak eraiki zituen Jerusalemgo izkina guztietan.
25 Judako hirixka guztietan ere kultu-lekuak eraiki zituen, beraietan jainko arrotzei intsentsua erretzeko. Horrela sutu zuen Jaunaren, bere arbasoen Jainkoaren, haserrea.
26 Akazen gainerako jarduerak eta egintzak, lehenengotik azkenekora, «Judako eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.
27 Hil zenean, Jerusalem hirian lur eman zioten, ez ordea Israelgo erregeen hilobietan. Ondorengo erregea haren seme Ezekias izan zen.