2 Kronikak 32 EABD

Asiriarrek Jerusalemi eraso

1 Gertaera hauen ondoren eta Ezekiasek hain leial jokatu arren, Asiriako errege Senakeribek Judan sartu eta hiri gotor guztiak setiatu zituen, beraiez jabetzeko agindua emanez.

2 Senakerib Jerusalemi erasotzeko asmoz zetorrela ikustean, Ezekiasek,

3 bere ministro eta ofizialekin bildurik, hiriaz kanpo zeuden ur-putzuak estaltzeko asmoa agertu zuen. Onartu zioten

4 eta, jendetza handia bildurik, putzu guztiak eta lurpean zihoan erreka ere estali egin zituzten; horrela, Asiriako erregeek, etortzean, ez zuten urik aurkituko.

5 Oldar handiz, Ezekiasek berreraiki zuen eroria zegoen harresia, haren gainean dorreak eraiki eta beste harresi bat ere egin zuen kanpoaldetik; Daviden Hiriko lubeta, Milo izenekoa, sendotu egin zuen, eta gezi eta babeski ugari eginarazi.

6 Eta buruzagiak gudarostearen gidari ezarri ondoren, jendea hiri-sarrerako plazan bilarazi eta sutsu hitz egin zien, esanez:

7 «Izan sendo eta adoretsu! Ez izutu, ez beldurtu halako gudaroste handiarekin datorren Asiriako errege horren aurrean, gurekin dagoena indartsuago baita horrekin dagoena baino.

8 Giza indarra baizik ez du horrek; guk, ordea, Jauna, geure Jainkoa, dugu geurekin, laguntzeko eta gurekin borrokatzeko».Judako errege Ezekiasen hitz hauek bizkortu egin zuten herria.

Asiriako erregea Jerusalemgo bizilagunei mintzo

9 Aldi baten buruan, bere gudarostearekin Lakixen zegoen Senakeribek, Asiriako erregeak, bere ordezkariak bidali zituen Jerusalemera, Judako errege Ezekiasi eta herri osoari honako hau esatera:

10 «Hau dio Asiriako errege Senakeribek: “Zertan duzue halako uste ona, Jerusalemen, hiri setiatuan, jarraitzeko?

11 Zuek engainatzen ari da Ezekias, goseak eta egarriak hil zaitezten; horregatik esan dizue, Asiriako erregearen eskuetatik Jaunak, zeuen Jainkoak, libratuko zaituztela.

12 Baina ez al ditu, bada, Ezekiasek berak kendu Jainko horren kultu-lekuak eta aldareak, Judako eta Jerusalemgo jendeari aldare bakar baten aurrean ahuspeztu eta intsentsua aldare horretan eskaintzeko aginduz?

13 Ez al dakizue zer egin diegun nik eta nire aurrekoek hainbat lurraldetako herriei? Lurralde horietako jendeen jainkoek libratu ahal izan ote zuten beren nazioa nire eskuetatik?

14 Nire aurrekoek hondatu zituzten nazio horietako jainkoetarik batek ere libratu ahal izan ote du bere herria nire eskuetatik? Eta zeuen Jainkoak libratuko zaituztela nire eskuetan erortzetik?

15 Ez zaitzatela engaina Ezekiasek; ez diezazuela iruzurrik egin. Ez sinetsi! Inongo jainkok bere nazioa nahiz erreinua ezin izan badu ez nire, ez nire aurrekoen eskuetatik libratu, are gutxiago libratuko zaituzte zeuen Jainkoak”».

Asiriako errege Senakeribek Jauna iraindu

16 Beste gauza asko ere esan zuten ordezkari haiek Jainko Jaunaren eta honen zerbitzari Ezekiasen kontra.

17 Senakeribek gutuna idatzi zuen Jauna, Israelen Jainkoa, irainduz eta beronen kontra honako hau esanez: «Beste lurraldeetako jendeen jainkoek ezin izan dituzte beren herriak nire eskuetatik libratu. Ezekiasen Jainkoak ere ezin izango du salbatu bere herria nire eskuetatik».

18 Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko.

19 Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.

Asiriarrak ihesi. Senakeriben heriotza

20 Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.

21 Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek hil zuten ezpataz.

22 Honela salbatu zituen Jaunak Ezekias eta Jerusalemgo bizilagunak Asiriako errege Senakeriben eta gainerako etsaien eskuetan erortzetik. Eta bakea eman zien alde guztietan.

23 Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, baita esku-erakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.

Ezekiasen erregealdiaren bukaera

24 Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion.

25 Ezekiasek, aldiz, ez zuen erantzun hartutako mesedeari zegokionez, harrotu egin baitzen. Horregatik, Jaunaren haserrea piztu zen haren kontra eta Juda eta Jerusalemen kontra.

26 Baina bai Ezekias bera, bai Jerusalemgo bizilagunak, beren harrokeria aitorturik, apaldu egin ziren, eta Jaunak ez zituen zigortu Jerusalemgo bizilagunak Ezekias bizi izan zen artean.

27 Aberastasun eta ospe handiak izan zituen Ezekiasek. Zilar, urre, harribitxi, usainki, babeski eta era askotako gauza baliotsu ugari bildu zuen.

28 Mandioak egin zituen, gari-, ardo- eta olio-uztak gordetzeko, baita ukuiluak ere era guztietako abereentzat, eta eskortak artaldeentzat;

29 abere nahiz artalde ugari baitzuen, Jainkoak ondasun asko eman zionez. Hiriak ere eraiki zituen.

30 Ezekiasek Gihon errekaren goiko irteera estali eta lur azpitik eraman zuen Daviden Hiriaren mendebalderantz.Ezekiasek ongi burutu zituen bere egintza guztiak.

31 Alabaina, Juda erreinuan izana zen gertakari harrigarriaren berri jakitera, Babiloniako agintariek mandatariak bidali zizkiotenean, Jainkoak Ezekias eskutik utzi bazuen, probatzeko izan zen: nolako asmoak zituen ikusteko.

32 Ezekiasen gainerako jarduerak eta egintza errukitsuak «Amotzen Seme Isaiasen Liburuan» eta «Judako eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.

33 Hil zenean, Daviden ondorengoen hilobietarako aldapa ondoan ehortzi zuten Ezekias. Juda osoko eta Jerusalemgo jendeak hileta ederrak egin zizkion.Ondorengo erregea haren seme Manases izan zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36