13 Bitartean, Jeroboamek gudari-talde bat bidali zuen, itzulingurua eginez, Judakoak atzetik harrapa zitzan. Judakoak inguratuak gertatu ziren, israeldar gudarostea aurretik eta gudari-talde hura atzetik zituztela.
14 Borroka aurretik eta atzetik zutela ohartzean, deiadar egin zioten Judakoek Jaunari. Apaizek turutak jo zituzten,
15 eta Judako gizonek guda-deiadarra bota. Deiadarra bota orduko, Jainkoak lur joarazi zien Jeroboami eta Israel osoari, Abiasen eta Judaren aurrean.
16 Israeldarrak ihesi abiatu ziren Judakoen aurretik, baina Jainkoak hauen esku utzi zituen.
17 Abiasek eta beronen gudarosteak izugarrizko sarraskia egin zuten israeldarren artean: bostehun mila gudari aukerako erori ziren hilik.
18 Egun hartan israeldarrak apal-apal gelditu ziren; Judakoak, berriz, garaile, Jauna, beren arbasoen Jainkoa, izan zutelako eusle.
19 Abiasek, Jeroboamen atzetik joan eta zenbait hiri kendu zizkion: Betel, Jexana, Efron eta hauen inguruak.