8 Eta orain zuek aurre egin nahi diozue, Jaunak Daviden ondorengoen esku utzi zuen erregetzari, gudaroste handia zaretelako eta Jeroboamek jainkotzat egin zizkizuen urrezko zekorrak zeuekin dituzuelako!
9 Bota egin dituzue Jaunaren egiazko apaizak, Aaronen ondorengoak, baita lebitarrak ere, eta, herri arrotzek bezala, zeuen apaizak izendatu. Norbait apaiz izan nahian, bere abere-taldeko zekor bat eta zazpi ahari dakartzala etortzen bazaizue, berehala egiten duzue gezurrezko jainko horien apaiz.
10 Guk, aldiz, Jauna dugu geure Jainkoa, eta ez dugu baztertu. Jaunaren zerbitzura ditugun apaizak Aaronen ondorengoak dira, eta kultua betetzen duten lebitarrak.
11 Goizero eta arratsaldero erre-opariak eskaintzen dituzte eta intsentsua erretzen Jaunarentzat; eskainiriko ogiak mahai sakratuan jartzen dituzte, eta arratsaldero pizten urrezko argimutila eta beronen kriseiluak. Betetzen ditugu guk Jaunaren, geure Jainkoaren, oharrak; zuek, ordea, baztertu egin duzue Jauna.
12 Begira, Jainkoa dugu geure buruzagi, eta geurekin ditugu haren apaizak, baita turuta ozenak ere zuen kontra jotzeko. Israeldarrok, ez borrokatu Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren, kontra, ez baituzue garaipenik izango».
13 Bitartean, Jeroboamek gudari-talde bat bidali zuen, itzulingurua eginez, Judakoak atzetik harrapa zitzan. Judakoak inguratuak gertatu ziren, israeldar gudarostea aurretik eta gudari-talde hura atzetik zituztela.
14 Borroka aurretik eta atzetik zutela ohartzean, deiadar egin zioten Judakoek Jaunari. Apaizek turutak jo zituzten,