1 Asak Jaunaren, bere Jainkoaren, begietan on eta zuzen dena egin zuen.
2 Sasikultuetako aldareak eta muinoetako kultu-lekuak kendu zituen, zutarri sakratuak hautsi eta zutoin sakratuak ebaki.
3 Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, jotzera eta haren irakaspenak eta aginduak betetzera eragin zien Judakoei.
4 Era berean, Judako hiri guztietan ziren kultu-lekuak eta intsentsua erretzeko aldareak kendu egin zituen. Haren erregealdia baketsua izan zen.
5 Lurralde hartan lasaitasuna izan zen, urte haietan ez baitzen haren kontra inolako gerrarik izan, Jaunak bakea eman zionez. Horretaz baliaturik, gotortu egin zuen Judako zenbait hiri.
6 Erregeak esan zion Judako jendeari: «Jaunarengana, geure Jainkoarengana, jo dugunez, berak bakea eman digu alde guztietatik. Lurralde hau geure esku dugun bitartean, gotor ditzagun hiri hauek, harresiz, dorrez, atez eta morroiloz hornituz».Eta halaxe, ongi burutu zituzten eraikin guztiak.
7 Judako hirurehun mila gizonek, babeski handiz eta lantzaz armaturik, eta Benjamingo berrehun eta laurogei mila gizonek, babeski txikiz eta arkuz armaturik, osotzen zuten Asaren gudarostea. Denak gudari ausartak ziren.