11 Halaxe zioten gainerako profeta guztiek ere: «Eraso Galaadeko Ramoti! Onik aterako zara. Eskura emango dizu Jaunak hiria!»
12 Bitartean, Mikeasen bila joana zen mezulariak esan zion profetari:—Hara, profeta guztiak aho batez zoriona iragartzen ari zaizkio erregeari. Zure hitza ere betor bat haienarekin. Iragar ezazu zoriona zuk ere.
13 Mikeasek erantzun:—Ala Jauna! Ene Jainkoak esango didana iragarriko dut.
14 Mikeas heldu zenean, esan zion erregeak:—Mikeas, joan al gaitezke Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?Mikeasek erantzun:—Bai, bai, eraso! On egingo dizue! Eskura emanen dizue Jaunak.
15 Erregeak, orduan:—Zenbat aldiz zin eragin behar dizut egia baizik ez esateko Jaunaren izenean?
16 Mikeasek erantzun:«Mendietan barreiatuaikusi dut Israel osoa,artzainik gabeko ardiak bezala.Hona zer dioen Jaunak:“Ez du jaberik jende horrek,itzul bedi nor bere etxera bakean”».
17 Orduan, Israelgo erregeak esan zion Josafati:—Ez al dizut esan ez didala horrek ezer onik iragartzen, txarra baizik?