3 Israelgo errege Akabek Judako errege Josafat, esanez:—Nahi al duzu nirekin etorri Galaadeko Ramoti erasotzera?Josafatek erantzun:—Biok bat gara, nire gudarostea eta zurea ere bai. Zurekin joango gara gudura.
4 Eta erantsi zuen:—Begira lehenik zer dioen Jaunak.
5 Bildu zituen Israelgo erregeak profetak, laurehun lagun, eta galdegin zien:—Joango al gara Galaadeko Ramoti erasotzera, bai ala ez?Haiek erantzun zioten:—Eraso! Zeure eskuetara emango dizu Jaunak.
6 Josafatek, ordea, galdetu zuen:—Ez al da hemen Jaunaren beste profetarik, beraren bidez Jaunari kontsulta egiteko?
7 Israelgo erregeak erantzun zion Josafati.—Bai, bada beste gizon bat: Mikeas, Imlaren semea. Galdegin diezaiokegu Jaunari horren bidez; baina nik gorroto dut, gauza txarrak bakarrik iragartzen baitizkit, onak iragarri beharrean.Josafatek esan zion:—Ez zaitez horrela mintza, errege jauna.
8 Israelgo erregeak funtzionario bati dei egin eta agindu zion:—Bizkor, etorrarazi Mikeas, Imlaren semea!
9 Israelgo erregea eta Judako Josafat, errege-jantzitan, aulki banatan zeuden, Samariako sarrera aurreko zabalgunean. Haien aitzinean, han ari ziren profeta guztiak profeta-jardunean.