23 Amondarrek eta moabdarrek, Seirko mendialdekoen kontra oldarturik, hil eta suntsitu egin zituzten denak. Seirko mendialdekoak hondatu zituztenean, besteek elkar triskatu zuten.
24 Judakoek, basamortua ikusten den gailurreraino heldu eta etsaien gudarostea non ote zen begiratzean, lurra gorpuz betea besterik ez zuten ikusi. Ez zen bat ere gelditu bizirik.
25 Josafat, bere gudarostearekin, harrapakinak hartzera joan zen. Zamari asko, janariak, janzkiak eta gauza ederrak aurkitu zituzten, eta eraman zezaketena baino gehiago hartu. Hiru egunez jardun zuten harrapakinak hartzen, hain baitziren ugari.
26 Laugarren egunean Beraka haranean, hau da, «Bedeinkapen-haranean», bildu eta Jauna bedeinkatu zuten; horregatik du toki horrek izen hori gaurdaino.
27 Azkenean, Juda eta Jerusalemgo gizon guztiak, Josafat aurretik zutela, Jerusalemera itzuli ziren bozkarioz beterik, Jaunak poztu egin baitzituen beraien etsaiengandik libratuz.
28 Harpak, zitarak eta turutak joz sartu ziren Jerusalemen Jaunaren etxeraino.
29 Jauna Israelen etsaien kontra borrokatu zela jakitean, beste erreinuetakoak Jaunaren beldurrez izuturik gelditu ziren.