1 Zazpigarren urtean, Joiadak, ausardiaz beterik, bost ehuntariri deitu eta beraiekin hitzarmena egin zuen. Honako hauek ziren: Jerohamen seme Azarias, Johananen seme Ixmael, Obeden seme Azarias, Adaiasen seme Maaseias eta Zikriren seme Elixafat.
2 Haiek, Juda lurralde osoan barrena ibilirik, hiri guztietan lebitarrak eta Israelgo familiaburuak bildu eta Jerusalemera itzuli ziren.
3 Jainkoaren etxean batzarturik, hitzarmena egin zuten erregearekin.Joiadak esan zien: «Hona erregearen semea. Beronek izan behar du errege, Jaunak Daviden ondorengoei buruz esana gogoan hartzen badugu.
4 Hona zer egin behar duzuen: Egin zeuen artean hiru talde; talde batekook, zerbitzaldia larunbatez duzuen apaiz eta lebitarron taldekook, tenpluko sarrerak zainduko dituzue;
5 beste taldeak jauregia, eta hirugarren taldeak Jesodeko atea. Jende guztia egon dadila Jaunaren etxeko atarietan.
6 Ez bedi inor sar Jaunaren etxean, zerbitzaldia duten apaiz eta lebitarrak izan ezik; horiek sar daitezke, sagaratuak baitira. Baina gainerako jendeak bete dezala Jaunaren agindua.
7 Lebitarrak, armak eskuetan, erregearen inguruan jarriko dira. Norbaitek tenpluan sartu nahi izango balu, hil dezatela. Zuek egin lagun erregeari toki guztietara».