2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen Joaxek, Joiada apaiza bizi izan zen bitartean.
3 Joiadak bi emazterekin ezkonarazi zuen, eta hauek seme-alabak eman zizkioten.
4 Aldi hartan, Joaxek Jaunaren etxea konpontzeko erabakia hartu zuen.
5 Apaizak eta lebitarrak bildu eta esan zien: «Zoazte Judako hiri guztietara eta bildu israeldar guztien artean zeuen Jainkoaren etxea urtero konpontzeko behar den dirua. Ibili bizkor!»Lebitarrak, ordea, ez ziren bizkor ibili.
6 Orduan, erregeak Joiada apaiz nagusiari dei egin eta esan zion: «Zergatik ez zara ahalegindu lebitarrek Judan eta Jerusalemen zerga bil zezaten? Jaunaren zerbitzari Moisesek eta israeldarren biltzar osoak ezarri zuten zerga hori, Jaunaren itun-agiria gordetzen zen oihal-etxolarako.
7 Badakizu Ataliak, emakume maltzur hark, eta beraren kidekoek Jainkoaren etxea hondatzen utzi zutela eta, gainera, Baalen kulturako erabili ohi zituztela tenpluko gauza sakratu guztiak».
8 Orduan, erregeak atabaka bat eginarazi eta kanpoan, Jaunaren etxeko atean, ipintzeko agindu zuen.