20 Amatziasek, ordea, ez zuen entzun nahi izan; erabakia baitzuen Jainkoak Amatzias Joaxen eskuetara ematea, Edomgo sasijainkoengana jo zuelako.
21 Orduan, Israelgo errege Joax igo eta Judako errege Amatziasek eta biek indarrak neurtu zituzten Judako hiri Bet-Xemexen.
22 Israel nagusitu zitzaion Judari eta gudariek ihes egin zuten nork bere etxolara.
23 Israelgo errege Joaxek preso hartu zuen Bet-Xemex hirian Judako errege Amatzias, Joaxen seme eta Akaziasen biloba, eta Jerusalemera eraman. Hango harresietan berrehun metroko zuloa eginarazi zuen, Efraimen atetik Kantoiko ateraino.
24 Gero, Jainkoaren etxean Obed-Edomen ardurapean zeuden urre, zilar eta tresna guztiak, jauregiko altxortegiko ondasunak eta gatibuak bahituran harturik, Samariara itzuli zen.
25 Israelgo errege Joax, Joakazen semea, hil eta gero, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea.
26 Amatziasen gainerako jarduerak, lehenengotik azkenera, «Judako eta Israelgo Erregeen Liburuan» daude idatziak.