14 Uziasek babeskiz, lantzaz, buru-oskolez, bular-oskolez, arkuz eta habailetarako harriz hornitu zuen gudarostea.
15 Gizon trebe batek asmaturiko tramankuluak eginarazi zituen Jerusalemen, dorre eta kantoietan ezarriz, gezi eta harri handiak jaurtitzeko. Jainkoaren laguntza miragarriaz indartsu egin zen eta haren izena urrutiraino zabaldu zen.
16 Bere burua hain indartsu ikusirik, harrotu egin zen zeharo, eta horrela galdu. Oker jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren, aurrean: behin batez, tenpluko sala handira sartu zen, intsentsu-aldarean intsentsua erretzeko asmoz.
17 Azarias apaiza haren atzetik sartu zen Jaunaren beste laurogei apaiz ausartekin eta,
18 Uzias erregeari aurre eginez, esan zioten: «Uzias, ez dagokizu zuri Jaunaren ohorez intsentsua erretzea, Aaronen jatorriko apaizei baizik; horretarako baitaude sagaratuak. Irten toki santu honetatik! Oker jokatu duzu; horrek ez zaitu ospetsu egingo Jainko Jaunaren aurrean».
19 Uzias, intsentsua erretzeko intsentsu-ontzia eskuan zuela, haserretu egin zen apaizen kontra. Baina une hartantxe, apaizen aurrean, Jaunaren etxean bertan, intsentsu-aldarearen ondoan zegoela, legena atera zitzaion bekokian.
20 Azarias apaiz nagusiak eta beste apaiz guztiek, bekokian legena zuela ikustean, bizkor irtenarazi zuten handik, eta bera ere arrapaladan joan zen, Jaunak joa zegoelako.