3 Bere erregealdiko lehen urteko lehen hilabetean Ezekiasek tenpluko ateak ireki zituen eta konpondu.
4 Gero, apaizak eta lebitarrak ekialdeko plazan bildurik,
5 honela mintzatu zitzaien: «Entzun, lebitarrok, egin zeuen buruen garbikuntza eta garbi ezazue Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren, etxea ere, eta atera bertatik kutsatua den guztia.
6 Izan ere, gure gurasoak desleialak izan ziren, Jaunari, gure Jainkoari, atsegin ez zaiona eginez; zapuztu egin zuten eta Jaunaren bizilekutik alde egin, berari bizkarra emanik.
7 Atalondoko ateak itxi zituzten eta argiak itzali; ez zuten intsentsurik erre, ez erre-oparirik eskaini Israelen Jainkoaren tenpluan.
8 Horregatik, haserretu egin zen Jainkoa Juda eta Jerusalemen kontra, eta era beldurgarri, harrigarri eta barregarrian utzi zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez.
9 Horra zergatik hil zituzten ezpataz gure gurasoak, eta zergatik dauden gatibu gure seme-alaba eta emazteak.