1 Zortzi urte zituen Josiasek errege izaten hastean, eta hogeita hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen.
2 Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere arbaso Daviden jokabideari denetan jarraituz, ezertan ere okertu gabe.
3 Bere erregealdiko zortzigarren urtean, oraino gazte zelarik, bere arbaso Daviden Jainkoarengana jo zuen. Eta hamabigarren urtean Juda eta Jerusalemdik kultu-lekuak, zutoin sakratuak eta zurezko nahiz metalezko idoloak kentzen hasi zen.
4 Bere begi-bistan botarazi zituen Baalen aldareak, berauen gainean zeuden intsentsu-ontziak hautsiz; zutoin sakratu eta zurezko nahiz metalezko idoloak xehatu eta puskak halakoei sakrifizioak eskaintzen zizkietenen hilobi gainean barreiatu zituen.
5 Sasiapaizen hezurrak, berriz, beraien aldareetan beretan errearazi zituen. Horrela egin zuen Juda eta Jerusalemen garbikuntza.
6 Eta Manases, Efraim, Simeon eta Neftalirainoko herrixketan eta inguruetako lurraldeetan ere
7 aldareak eta zutoin sakratuak bota, idoloak xehe-xehe egin eta intsentsua erretzeko aldareak desegin zituen, eta halaxe Israel lurralde osoan. Ondoren, Jerusalemera itzuli zen.