19 Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuen Josiasek Pazko-jai hura.
20 Honen guztiaren ondoren, Josiasek tenplua berriztatua zuelarik, Egiptoko Neko erregea Eufrates ibai ondoan zegoen Karkemix hiriari erasotzera etorri zen. Josiasek aurre egin zion,
21 baina Nekok mezulariak bidali zizkion esatera: «Ez dugu deus ere elkarren kontra, Judako errege. Ez nator zure kontra, gerra egiten ari zaidan beste errege-etxe baten kontra baizik. Bizkor ibiltzeko esan dit Jainkoak. Ez jarri zuk eragozpenik Jainkoari, neure alde baitut; bestela, hondatu egingo zaitu».
22 Josiasek, ordea, ez zuen atzera egin, egiptoarraren kontra borrokatzeko egokieraren bila baitzebilen. Jainkoaren eraginez, Nekok eman zion oharra aditu gabe, Megidoko lautadan guduari ekin zion Josiasek.
23 Arkulariek geziak jaurti eta zauritu egin zuten Josias. Orduan, esan zien erregeak bere zerbitzariei: «Atera nazazue hemendik, larriki zauritua nago eta».
24 Zerbitzariek erregea bere guda-gurditik hartu, beste guda-gurdi batera igo eta Jerusalemera eraman zuten. Han hil zen, eta bere arbasoen hilobian ehortzi zuten. Juda eta Jerusalem osoak egin zuen dolu Josiasengatik.
25 Jeremias profetak negar-kanta bat egin zuen Josiasi buruz. Gizon-emakume kantari guztiek aipatzen dute gaurdaino Josias beren negar-kantuetan. Ohitura bihurtu da hori Israelen. «Negar Kantak» izeneko liburuan daude idatzirik.