18 «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela gizon-emakumeekin? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?
19 Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun, gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua.
20 Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua hau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza.
21 Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun, bizi zaren toki horretatik, zerutik; entzun eta barkatu.
22 «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu eta tenplu honetako zure aldarera etorriko balitz,
23 entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, jokabide okerra berari egotziz; agertu zein den zuzena, beraren jokabide zuzenaren arabera hartuz.
24 «Zure herri Israelek, zure aurka bekatu egiteagatik, etsairen batek menderatu, baina, damuturik eta zu goraipatuz, tenplu honetan zure aurrean otoitz eta eskari egiten badizu,