25 entzuiozu zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi herria berari eta beraren arbasoei eman zenien lurraldera.
26 «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badu eta zuk emaniko zigorrarengatik bere bekatuaz damutzen bada,
27 entzuiozu zerutik. Barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi egin behar duen bide zuzena eta isuri euria ondare eman zenion lurrera.
28 «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,
29 norbaitek nahiz Israel zure herri osoak, bere okerraz eta atsekabeaz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,
30 entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu nork bere jokaeraren ordaina har dezan, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; jakin ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.
31 Horrela, begirune izanen dizute eta zure bideetan ibiliko dira, gure gurasoei eman zenien lurraldean biziko diren bitartean.