8 Jaunak, ordea, esan zion gure aita Davidi: “Asmo ona izan duzu zeure bihotzean, niretzat etxea eraikitzekoa.
9 Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sorturiko semeak baizik”.
10 Horra, bada: bete du Jaunak emaniko hitza. Ni egin naiz errege gure aita Daviden ondoren, eta Israelgo errege-aulkian jarri, Jaunak esan bezala. Nik eraiki diot etxea Jaunari, Israelen Jainkoari,
11 eta bertan ezarri dut Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».
12 Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz luzatu zituen.
13 Eginarazia zuen brontzezko idulki bat eta atari erdian ezarria. Bi metro eta erdi luze zen, bi metro eta erdi zabal eta metro eta erdi gora. Idulkiaren gainera igorik, belaunikatu zen israeldarren batzar osoaren aitzinean eta, besoak zerurantz luzaturik,
14 otoitz hau egin zuen:«Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako jainkorik, ez zeruan, ez lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotz zintzoz dabiltzan zure mirabeentzat.