4 bestela, bihar larrapoteak erakarriko ditut zure lur-mugetara;
5 dena estaliko dute, lurra bera ezin ikusteraino. Kazkabarrak hondatzeke utziriko apurra ere jan egingo dute eta baita landetan ernetzen ari diren zuhaitzak ere.
6 Zure jauregia eta zure funtzionario eta egiptoar guztien etxeak beteko dituzte. Zure guraso eta aiton-amonen egunetatik gaurdaino ikusi ez den bezalakoa izango da».Eta hori esanda, Moisesek faraoiari bizkarra eman eta alde egin zuen.
7 Funtzionarioek esan zioten faraoiari: «Noiz arte jardun behar du gizon horrek guri zorigaitza sortzen? Utziezu beren Jainko Jauna gurtzera joaten. Ez al zara ohartzen, jauna, galzorian dagoela Egipto?»
8 Faraoiak Moises eta Aaron etorrarazi zituen eta esan zien:—Zoazte! Gurtu Jauna, zeuen Jainkoa. Baina joatekoak zein zareten esan behar didazue.
9 Moisesek erantzun zion:—Gure haur eta agureekin, gure ardi eta behiekin joan behar dugu, Jaunaren festa nagusia baita guretzat.
10 Faraoiak, orduan:—Bai, eta Jauna izan dezazuela lagun! Baina zuen haur eta guzti joaten utziko dizuedala uste al duzue? Ez horixe! Argi dago asmo txarretan zabiltzatela.