1 Akazia-zurez egin zuen erre-oparien aldarea, karratua: bi metro eta erdi luze-zabal eta metro eta erdi gora.
2 Lau adar egin zizkion lau ertzetarako, aldarearekin gorputz bat bera egiten zutelarik, eta brontzez estali zuen aldarea.
3 Egin zituen aldarerako tresnak ere: txingar-ontziak, palak, isipu-ontziak, sardexkak eta errautsontziak, brontzezkoak guztiak.
4 Brontzezko sare bat ere egin zuen eta aldare-ertzaren azpian ipini, aldare erdiraino jaisten zelarik.
5 Lau eraztun egin zituen brontzezko sarearen lau izkinetarako, haietatik hagak pasarazteko.
6 Akazia-zurezko hagak egin eta brontzez estali zituen,
7 eta aldare-alboetako eraztunetatik sartu zituen, aldarea eramateko. Oholez egin zuen aldarea, barrua hutsik.
8 Uraska eta oina brontzezkoak egin zituen, elkarketa-etxolaren sarreran zerbitzuan ari ziren emakumeen ispiluetako brontzez baliatuz.
9 Ataria egin zuen: hegoaldetik liho-hari bihurrituzko oihalak, berrogeita hamar metro luzekoak;
10 hogei zutabe eta hogei oinak brontzezkoak ziren; zutabeen kako eta ziriak, berriz, zilarrezkoak;
11 iparraldetik, berrogeita hamar metro luzeko oihalak, brontzezko hogei zutabe eta hogei oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren;
12 mendebaldetik, hogeita bost metro luzeko oihalak, hamar zutabe eta hamar oin zituztelarik; zutabeen kakoak eta ziriak zilarrezkoak ziren;
13 ekialdetik, hogeita hamabost metro luzeko oihalak:
14 sarreraren hegal batek zazpi metro eta erdi oihal zituen, hiru zutabe eta hiru oinekin,
15 eta beste hegalak, beste zazpi metro eta erdi oihal, hiru zutabe eta hiru oinekin.
16 Atari inguruko oihal guztiak liho-hari bihurrituzkoak ziren;
17 zutabeen oinak brontzezkoak, kakoak eta ziriak zilarrezkoak; zutabe-gainak ere zilarrez estali zituen; atariko zutabe guztiek zilarrezko ziriak zituzten.
18 Atari-sarrerako oihala purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordatu zuen. Hamar metro luze zen eta bi metro eta erdi gora, atariko oihalak bezala.
19 Lau zutabe eta lau oinak brontzezkoak ziren, eta kakoak zilarrezkoak; zutabe-gainak eta ziriak, berriz, zilarrez estaliak.
20 Egoitzako eta inguratzen zuen atariko hesola guztiak brontzezkoak ziren.
21 Hona hemen itunaren egoitza eraikitzeko erabilitako metalen kontua, Moisesen aginduz eta Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean lebitarrek jasorikoa.
22 Juda leinuko Betzalelek, Uriren seme eta Hurren bilobak, Jaunak Moisesi aginduriko guztia egin zuen.
23 Dan leinuko Ahisamaken seme Oholiab izan zuen lankide: artelanak asmatzen eta egiten trebea eta purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina bordatzen ikasia.
24 Santutegiko lanetan erabilitako urrea, israeldarrek Jaunari oparitzat aurkezturikoa, bederatziehun eta hirurogeita bosten bat kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
25 Elkartearen errolda egitean bildutako zilarra hiru mila hirurehun eta hemeretzi kilo izan zen, santutegiko pisu-neurriaren arabera;
26 erroldan hogei urtez gorakoak seiehun eta hiru mila bostehun eta berrogeita hamar lagun izan ziren, eta bakoitzak bost gramo zilar eman zuen, santutegiko pisu-neurriaren arabera.
27 Hiru mila eta hirurehun kilo santutegirako eta errezel-zutabeen oinak urtzeko erabili ziren: oin bakoitzeko hogeita hamahiru kilo.
28 Gainerako hemeretzi kiloak, kakoak eta zutabeak elkarlotzen zituzten ziriak egin eta zutabe-gainak estaltzeko erabili ziren.
29 Jaunari oparitzat aurkezturiko brontzea, bi mila hirurehun eta hogeita hamasei kilo izan zen;
30 brontze honetaz egin zituzten elkarketa-etxolaren sarrerako zutabeen oinak, brontzezko aldarea bere sare eta tresna guztiekin,
31 etxola inguruan zegoen atariko eta atari-sarrerako zutabeen oinak, eta egoitzako eta atariko hesolak.