Irteera 35 EABD

KULTU ERAKUNDEEN ANTOLAKUNTZA (35,1—40,38)

Larunbata atseden-egun

1 Moisesek israeldarren elkarte osoa bildu eta esan zien: «Hona hemen Jaunak agindua, bete dezazuen:

2 Sei egunez lan egingo duzue, baina zazpigarrena larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Larunbatez lan egiten duenak heriotza-zigorra izango du.

3 Ez duzue surik ere egingo larunbatez zeuen bizilekuetan».

Israeldarrek eskaintzak eraman

4 Moisesek esan zion israeldarren elkarte osoari: «Hona hemen Jaunak agintzen duena:

5 Bildu zeuen artean Jaunarentzat oparia. Jaunari oparia emateko borondatea dutenek ekar bitzate urrea, zilarra eta brontzea,

6 purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea,

7 gorriz tindaturiko ahari-larruak eta larru finak, akazia-zura,

8 argitarako olioa, gantzuketa-olioa eta intsentsuarentzat usainkiak,

9 apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko onize harria eta beste harribitxiak.

10 «Zuetariko artisau trebe oro betor Jaunak agindutako guztia egitera:

11 egoitza eta bere oihal-etxola eta honen estaldura, katigailu, ohol, zehar-egur, zutabe eta oin;

12 kutxa bere haga, estalki eta errezelarekin;

13 mahaia bere haga eta tresnekin eta Jaunari eskainiriko ogia;

14 argimutila bere hornigai eta kriseiluekin eta argitarako olioa;

15 intsentsu-aldarea bere hagekin, gantzuketa-olioa, intsentsu usaintsua, egoitza-sarrerako oihala;

16 erre-oparien aldarea bere sare, haga eta tresna guztiekin, uraska bere oinarekin;

17 atariko oihalak zutabe eta oinekin, atari-sarrerako oihala;

18 egoitza eta atariko hesolak beren sokekin;

19 santutegiko liturgi zerbitzurako jantziak, Aaron apaizaren jantzi sakratuak eta beronen semeen apaiz-zerbitzurako jantziak».

20 Israeldarren elkarte osoa aldendu egin zen Moisesengandik.

21 Emateko borondatea zuten bihotz-zabaleko israeldar guztiek Jaunarentzat oparia ekarri zuten, elkarketa-etxola eraikitzeko, hango zerbitzu eta jantzi sakratuetarako.

22 Etorri ziren bihotz-zabaleko gizon-emakumeak eta urrezko bitxiak ekarri zituzten, katetxoak, belarritakoak, eraztunak eta lepokoak: urrezko bitxiok Jaunari aurkeztu zizkioten, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

23 Purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea, gorriz tindaturiko ahari-larruak edo larru finak zeuzkatenek ekarri egin zituzten.

24 Zilarra edo brontzea zutenek Jaunari eskaini zioten; hala egin zuten akazia-zura zutenek ere beharrezko zen lanetarako.

25 Iruten trebeak ziren emakumeek beren eskuz ehunduriko purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina ekarri zituzten.

26 Trebeak eta laguntzeko gogotsu ziren emakumeek ahuntz-ilea ehundu zuten.

27 Buruzagiek onize harriak eta beste harribitxiak ekarri zituzten apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko,

28 usainkiak eta olioa argi, gantzuketa-olio eta intsentsu usaintsuarentzat.

29 Jaunak Moisesi agindu zizkion lanetarako behar zirenak emateko bihotz-zabal ziren israeldar gizon-emakumeek beren borondatezko eskaintza ekarri zuten Jaunarentzat.

Moisesek Betzaleli eta Oholiabi lanerako dei egin

30 Moisesek esan zien israeldarrei: «Hara, Judaren leinuko Uriren seme eta Hurren biloba den Betzalel hautatu du Jaunak,

31 eta Jainkoaren espirituz bete, jakituria, trebezia eta lan guztietarako gaitasuna emanez:

32 artelanak asmatzeko, urre, zilar eta brontzezko lanak egiteko,

33 harribitxiak eta zura lantzeko, eta beste edozein langintzatarako.

34 Berari eta Danen leinuko Ahisamaken seme Oholiabi irakasteko dohaina ere eman die.

35 Trebetasunez jantzi ditu edozein artelan asmatu eta lantzeko, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho fina iruteko eta bordatzeko, eta edozein artelan asmatu eta burutzeko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40