1 «Egin akazia-zurezko aldarea intsentsua erretzeko,
2 karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egingo dute aldarearekin.
3 Estali urre garbiz gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta ezarri inguruan urrezko hegala.
4 Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarriko dizkiozu, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko.
5 Hagak akazia-zurez egingo dituzu eta urrez estaliko.
6 Ezarri gero aldarea itun-kutxa estaltzen duen errezelaz kanpo, kutxaren gaineko estalki aurrean, hor elkartuko bainaiz zurekin.
7 Goizero, kriseiluak prest jartzean, intsentsu usaintsua erreko du Aaronek aldare honen gainean,
8 eta gauza bera ilunabarrean, kriseiluak piztean; etengabe erreko duzue intsentsua Jaunaren aurrean belaunez belaun.
9 Ez duzu aldare honen gainean horretarako intsentsua baizik eskainiko, ezta erre-oparirik, labore-oparirik nahiz isur-oparirik ere.
10 Urtean behin aldarearen garbikuntza egingo du Aaronek, bekatuen barkamenerako eskainitako sakrifizioaren odolaz aldare-ertzeko adarrak igurtziz. Urtean behin egingo duzue hau belaunez belaun. Horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, Jaunari sagaratua».
11 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
12 «Israeldarren errolda egitean, haietariko bakoitzak zerga emango du Jaunarentzat bere biziaren ordain, erroldatzea dela-eta izurri hilgarririk gerta ez dadin.
13 Erroldatua den gizaseme orok bost gramo zilar ordainduko du Jaunarentzat, santutegian erabili ohi den pisu-neurriaren erdia.
14 Erroldatua den hogei urtez gorako gizaseme orok ordainduko du zerga hori Jaunarentzat.
15 Nork bere biziaren ordain Jaunarentzat zerga ematean, ez du aberatsak bost gramo baino gehiago ordainduko, ezta pobreak ere gutxiago.
16 Beraz, jaso ezazu israeldarrek beren biziaren ordain ematen duten zilarra, eta eman elkarketa-etxolako kultu-zerbitzurako. Honela, gogoan izango ditu Jaunak bai israeldarrak, bai berauek beren biziaren ordain emandako eskaintza».
17 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
18 «Egin uraska garbikuntzetarako; uraska eta beronen oina brontzezkoak izango dira. Ipini uraska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez.
19 Aaronek eta beronen semeek han garbituko dituzte esku-oinak.
20 Elkarketa-etxolan sartzean, esku-oinak garbituko dituzte, hil nahi ez badute; orobat, beren zerbitzua betetzeko, Jaunari opariak erretzeko, aldarera hurbiltzean.
21 Esku-oinak garbituko dituzte, beraz, hil nahi ez badute. Betiko lege izango da hau Aaronentzat eta beronen ondorengoentzat belaunez belaun».
22 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
23 «Hartu usainkirik bikainenak: sei kilo mirra isurkor, hiru kilo kanela eta beste hiru kilo kanabera usaintsu,
24 sei kilo kasia santutegiko pisu-neurriaren arabera, eta lau litro oliba-olio.
25 «Horrekin guztiarekin gantzuketa-olioa egingo duzu, lurringileak egiten duen bezala usainkiak nahasiz. Hori izango da sagarapenetarako gantzuketa-olioa.
26 Horrekin sagaratuko dituzu elkarketa-etxola, itun-kutxa,
27 mahaia bere tresnekin, argimutila bere tresnekin, intsentsu-aldarea,
28 erre-oparien aldarea bere tresnekin eta uraska bere oinarekin.
29 Sagaratu egingo dituzu eta guztiz sakratu bihurtuko dira, eta horiek ukitzen dituena ere sakratu gertatuko da.
30 Gantzutu Aaron eta beronen semeak, eta sagaratu nire apaiz-zerbitzurako.
31 «Esaiezu beste hau ere israeldarrei: Hau izango duzue sagarapenetarako gantzuketa-olioa belaunez belaun.
32 Ez isuri edonolako gizaseme arrunten gainera, ezta prestatu ere horren antzeko oliorik; olio sakratua baita eta bere izaera sakratuari dagokionez erabiltzekoa.
33 Horren antzeko oliorik prestatu eta gizaseme arruntaren gainera isurtzen duena, herritik bota egingo dute».
34 Jaunak esan zion Moisesi: «Hartu orotariko usainkiak, neurri bera bakoitzetik: erretxina, anbarra, galbanoa eta intsentsu garbia;
35 horiek guztiak lurringileak egiten duen bezala nahasiz eta gatza erantsiz, prestatu intsentsu garbi eta sakratua.
36 Egin hartatik puska bat xehe-xehe eta ezarri itun-kutxa aurrean, zurekin elkartuko naizen elkarketa-etxolan. Guztiz sakratua izango da zuentzat.
37 Ez duzue hala eginiko intsentsurik zeuentzat erabiliko. Sakratutzat izango duzue, Jaunarentzat bakarrik erabiltzekoa baita.
38 Usainez gozatzeko antzeko intsentsurik egiten duena, herritik bota egingo dute».