Irteera 25 EABD

Israeldarren eskaintza

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esan israeldarrei niri oparia ekartzeko. Bildu oparia, emateko borondatea dutenen artean.

3 Hona hemen bildu behar duzuena: urrea, zilarra eta brontzea,

4 purpura more, gorri eta gorrimina, liho fina, ahuntz-ilea,

5 gorriz tindaturiko ahari-larruak eta larru finak, akazia-zura,

6 argitarako olioa, gantzuketa-olioa eta intsentsuarentzako usainkiak,

7 apaiz nagusiaren efod jantzia eta bularrekoa hornitzeko onize eta beste harribitxiak.

8 Eraiki iezadazue santutegia, zuen artean bizi nadin.

9 Neuk erakutsiko dizut nola egin nire egoitza eta bertako hornidura guztia; egizue zehatz-mehatz erakutsiko dizudan ereduaren arabera.

Itun-kutxa

10 «Egin akazia-zurezko kutxa: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze, hirurogeita hamabost zentimetro zabal eta beste hainbeste gora izango da.

11 Urreztatu urre garbiz barne eta kanpoaldeak, eta ezarri urrezko hegala inguru guztian.

12 Urtu urrezko lau eraztun eta ezarri kutxaren lau oinetan, bi eraztun albo batean eta bi bestean.

13 Egin akazia-zurezko hagak, urreztatu,

14 eta sarrarazi kutxaren bi alboetako eraztunetan, kutxa eraman ahal izateko;

15 utzi hagak eraztunetan sarturik, atera gabe.

16 Emango dizudan itun-agiria kutxan ezarriko duzu.

17 «Egin urre garbizko estalkia: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal izango da.

18 Estalkiaren bi ertzetan, bi izaki hegaldun egingo dituzu, urretan landuak,

19 bata ertz batean, bestea bestean; gorputz bat bera egingo dute estalkiarekin.

20 Hegoak zabalik edukiko dituzte estalkiaren gainetik, berau babesteko; elkarren buruz buru egongo dira, estalkiari begira.

21 Ezarri estalkia kutxaren gainean, eta ipini nik emango dizudan itun-agiria kutxaren barruan.

22 Han elkartuko natzaizu; estalkiaren gainetik, itun-kutxaren gaineko izaki hegaldunen artetik, mintzatuko natzaizu, israeldarrei emango dizkiezun aginduak jakinarazteko.

Ogien mahaia

23 «Egin akazia-zurezko mahaia: metro bat luze, metro erdi bat zabal eta hirurogeita hamabost zentimetro gora izango da.

24 Urreztatu urre garbiz, eta ezarri urrezko hegala inguru guztian.

25 Hornitu zortzi zentimetro zabaleko uztai batez, eta egin urrezko ertza uztaiari.

26 Egin urrezko lau eraztun eta erantsi lau oinen ertzetan,

27 uztaiari atxikiz; sartu hagak haietan, mahaia eramateko eran.

28 Egin akazia-zurez eta urreztatu mahaia eramateko hagak.

29 Egin azpilak, erretiluak, pitxerrak eta katiluak, isur-oparietarako; guztiok urre garbiz egingo dituzu.

30 Ezarri mahaian niri eskainiriko ogia; ezin faltako da sekula nire aurrean.

Argimutila

31 «Egin urre garbizko argimutila, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egingo dute;

32 bi alboetatik sei beso aterako zaizkio, hiruna beso albo bakoitzetik.

33 Argimutilaren gerritik ateratzen diren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa izango ditu, beren kukulu, lore-hosto eta guzti;

34 gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa izango ditu, beren kukulu, lore-hosto eta guzti.

35 Argimutilaren gerritik ateratzen diren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa izango du behealdean.

36 Beso eta kopek gorputz bat bera egingo dute argimutilarekin; guztia urre garbiz landua izango da.

37 «Egin zazpi kriseilu eta ezarri argi-mutilaren gainean, piztean aurrealdea argi dezaten.

38 Su-hatzak eta errautsontziak urre garbizkoak izango dira.

39 Hogeita hamabost kilo urre garbi erabiliko dute argimutila eta hornigaiak egiteko.

40 Izan arreta, guztia mendian erakutsi zaizun ereduaren arabera egiteko.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40