Irteera 12 EABD

JAINKOAK ISRAELDARRAK ASKATU (12,1—15,21)

Jainkoak Pazkoa ospatzeko agindu

1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni Egipton:

2 «Hilabete hau izango duzue hil nagusia, urte guztiko lehenengoa.

3 Horrela aginduko diozu israeldarren elkarteari: Hil honen hamarrean har beza bakoitzak familia eta etxe bakoitzeko abere xehe bana.

4 Abere osoa jateko familia aski ez bada, aldameneko bizilagunekin elkartuko da, bakoitzak jan dezakeenaren arabera zenbat jende behar den kontuan harturik.

5 Abereak urte batekoa beharko du izan, arra eta akats gabea, arkume nahiz antxume.

6 Hilaren hamalaua arte gordeko duzue, eta egun horretan, ilunabarrean, israeldarren elkartekide guztiek hilko dute.

7 Gero, abere-odola hartu eta aberea jango duzuen etxeko ate-gainak eta alboak odoleztatuko dituzue.

8 Gau horretan sutan erreta jango duzue okela, legamia gabeko ogiz eta belar mingotsez lagundurik.

9 Ez duzue ezer gordinik edo egosirik jango, dena sutan errea baizik: buru, hanka eta tripaki.

10 Ez utzi ezer biharamunerako; erre geldituko diren kondarrak.

11 Honela jango duzue: gerrikoa loturik, oinetakoak jantzirik eta makila eskuan, abiatzeko prest; presaka jango duzue, Jaunaren Pazkoa baita.

12 Gau horretan Egipto osoan zehar igaroko naiz, eta hil egingo ditut Egiptoko lehen-seme eta lehen abere-kumeak oro eta neure epaia emango diet Egiptoko jainkoei. Ala ni Jauna!

13 «Odola izango duzue ezaugarri etxeetan. Odola ikustean, aurrera egingo dut; horrela, nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaituzte zuek suntsituko.

14 «Egun hau gogoangarri izango duzue eta, Jaunaren ohorez, festa nagusiz ospatuko. Festa hau lege-indarrez ezarriko duzue belaunez belaun.

Legamia gabeko Ogien JaiaLegamia gabeko Ogien Jaia: Jatorriz nekazarien jaia zen, uzten hasiera ospatzen zuena, eta ez zuen Pazkoarekin zerikusirik.

15 «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue; beraz, lehenengo egunetik ez duzue legamiarik izango etxean. Zazpi egun horietan legamiadun ogia jango duen oro Israel herritik bota egingo dute.

16 Lehenengo egunean bezala azkenekoan batzar sakratua izango duzue. Egun horietan ez duzue lanik egingo, bazkaria prestatzeko ez bada.

17 Gorde, bada, Legamia gabeko Ogien Jai hau, egun horretantxe aterako baitzaituztet Egipto lurraldetik gudaroste baten gisan. Lege-indarrez gordearaziko duzue jai hau belaunez belaun betiko.

18 Lehen hilaren hamalauko arratsaldetik hogeita bateko arratsalde arte legamia gabeko ogia jango duzue.

19 Zazpi egun horietan ez duzue legamiarik izango etxean, zeren legamiadun ogia jango duen oro, etorkina nahiz bertakoa izan, israeldarren elkartetik bota egingo baitute.

20 Ez ezazue, beraz, ezer legamiadunik jan. Nonahi bizi zaretelarik, legamia gabeko ogia jango duzue».

Moisesek Pazkoa ospatzeko agindua adierazi

21 Dei egin zien Moisesek Israelgo herri-arduradunei eta esan: «Hartzazue zeuen familietarako abere xehe bana eta hil, Pazkoa ospatzeko.

22 Bildu odola ontzi batean eta, isipu-sorta bertan bustirik, zirtatu zeuen etxeko ate-gainak eta alboak. Ez bedi inor etxetik irten hurrengo goiza arte.

23 «Jauna igaroko da egiptoarrak hilez; baina, zuen ateen gain-alboetan odola ikustean, aurrera egingo du. Horrela, ez dio suntsitzaileari zuen etxeetan sartzen utziko, zuek hiltzera.

24 Hau guztia lege-indarrez gordeko duzue beti, bai zeuek, bai zuen ondorengoek.

25 Ohikune hau ospatzen jarraituko duzue, Jaunak, bere hitza betez, emango dizuen lurraldean sartzen zaretenean.

26 Orduan, seme-alabek ohikune horren esanahiaz galdegitean,

27 hau erantzungo diezue: Jaunaren omenez dagigun Pazko-sakrifizioa da, zeren, egiptoarrak hil zituen hartan, Egipton bizi ziren israeldarren etxe parean aurrera igaro baitzen Jauna, gure familiak libratuz».Orduan, israeldarrak ahuspeztu egin ziren, Jauna gurtzeko.

28 Gero, joan eta Jaunak agindutako dena zehatz-mehatz bete zuten Moisesek eta Aaronek.

Hamargarren izurria: lehen-semeen hilketa

29 Gauerdian Jaunak egiptoar lehen-semeak oro hil zituen, errege-aulkian esertzen den faraoiaren lehen-semetik hasi eta kartzelan preso dagoenaren lehen-semeraino, baita lehen abere-kumeak oro ere.

30 Gaua zelarik altxatu ziren ohetik faraoia, funtzionarioak eta egiptoar guztiak. Garrasi latzak izan ziren Egipto osoan, ez baitzen hildakorik gabeko etxerik.

31 Gau berean faraoiak Moisesi eta Aaroni dei egin eta esan zien:—Irten nire herritik zuek biok eta israeldar guztiak. Zoazte Jauna gurtzera, esan duzuen bezala.

32 Eraman abere-taldeak, zeuek esan bezala, eta alde egizue. Agur nazazue eta zoazte.

33 Denak hilko zirelakoaren beldurrez, presa eman zieten egiptoarrek israeldarrei, ahalik eta lasterren abia zitezen beren lurraldetik.

Israeldarrak abiabidean

34 Israeldarrek oraindik legamiaz altxatu gabeko orea hartu eta, oramahai eta guzti estalkietan bildurik, bizkarrean hartu zuten.

35 Gainera, Moisesen esanera, urrezko eta zilarrezko bitxiak eta arropak eskatu zizkieten egiptoarrei.

36 Jaunari esker, egiptoarren abegi ona irabazi zuten eta eskatu guztia eman zieten egiptoarrek. Honela kendu zizkieten egiptoarrei beren ondasunak.

37 Israeldarrek Ramsesetik Sukoterako bidea egin zuten. Seiehun milaren bat gizon oinezko ziren, emakumeak eta haurrak kontuan hartu gabe.

38 Haiekin batera, berealdiko jende-multzoa zihoan, baita abere-talde handiak ere.

39 Egiptotik bota zituztenez gero, ez zuten biderakoak prestatzeko betarik izan; beraz, Egiptotik atera zuten altxatu gabeko orez legamia gabeko opilak egin zituzten.

40 Laurehun eta hogeita hamar urtez bizi izan ziren israeldarrak Egipton;

41 aldi hau bete zen egun berean, hain zuzen, atera zen lurralde hartatik Jaunaren herria, gudaroste baten gisa.

42 Gau horretan jagole egon zen Jauna haiek Egiptotik ateratzeko. Horregatik, Jaunaren omenez, israeldarrek erne egon behar dute gau horretan, beila eginez, belaunez belaun.

Pazkoari buruzko legeak

43 Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:«Hau da Pazko-jaiaren araudia:«Inongo atzerritarrak ezin izango du oparigairik jan.

44 «Erositako esklaboak, erdaindu eta gero, jan ahal izango du.

45 «Bidaiari den edo lansaripean dagoen atzerritarrak ez dezake jan.

46 «Pazko-bildotsa etxean bertan bakarrik jan daiteke; ez da zilegi okela-puskarik kanpora ateratzea.«Ez zaio abereari hezurrik hautsiko.

47 «Israelgo elkarte osoak ospatu beharko du.

48 «Zuen artean bizi den atzerritarren batek Jaunaren ohorez Pazkoa ospatu nahiko balu, etxeko gizonezko guztiak erdaindu beharko ditu lehenbizi; ondoren, bertan jaioa bailitzan ospatu ahal izango du Pazkoa.«Erdaindu gabeko inork, ordea, ezin izango du Pazko-bildotsik jan.

49 «Lege berbera gordeko dute bertan jaioek eta zuen artean bizitzen jarri diren atzerritarrek».

50 Jaunak Moisesi eta Aaroni agindu guztia bete zuten israeldarrek.

51 Egun hartantxe, hain zuzen, atera zituen Jaunak Egiptotik israeldarrak, gudaroste baten gisa lerroturik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40