Irteera 28 EABD

Apaiz-jantziak

1 «Aukera itzazu israeldarren artetik zeure anaia Aaron eta beronen seme Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar, nire apaiz izateko.

2 Egin zeure anaia Aaronentzat jantzi sakratuak, apaizgoaren duintasuna adierazteko.

3 Eman argibideak trebetasunez hornitu ditudan artisauei, Aaronen jantziak egin ditzaten nik apaiz sagaratzeko.

4 Hona hemen egin behar dituzten jantziak: bularrekoa, efoda, mantua, tunika bordatua, buruzapia eta gerrikoa. Horiek dira zure anaia Aaronek eta beronen semeek nire apaiz izateko behar dituzten jantzi sakratuak.

5 Jantziok egiteko, urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua erabiliko dituzte.

Efoda

6 «Efoda, urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain bordaturik egingo dute.

7 Bi sorbalda-babeski izango ditu, bi ertzetatik lotzeko.

8 Ertzak lotzeko xingola efodari atxikia egongo da, eta urrez, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz egina.

9 Hartu gero bi onize harri eta zizelkatu haietan Israelen hamabi semeen izenak,

10 zaharrenetik gazteenera, sei izen harri batean eta sei bestean.

11 Zizelkatu bi harrietan Israelgo leinuen izenak, zilarginak zigiluak zizelkatzen dituen eran, sartu urre-begietan

12 eta ipini efodaren sorbalda-babeskietan. Honela, israeldarren izenak oroigarri gisa eramango ditu Aaronek Jaunaren aurrera.

13 Urre-harizko apaingarriak eginen dituzu

14 eta urre garbizko bi katetxo, soka bihurrituen erara, eta katetxoak urre-harizko apaingarrietan ezarriko.

Bularrekoa

15 «Epaiketarako bularrekoa artelanez egingo duzu, efodaren gai berak erabiliz: urrea, purpura more, gorri eta gorrimina eta liho-hari bihurritua.

16 Bitan tolestatua izango da eta karratua, hogeita bost zentimetro luze eta beste hainbeste zabal.

17 Harribitxiz estaliko duzu, harribitxiok lau errenkadatan lerroturik: lehen errenkadan, kornalina, topazioa eta esmeralda;

18 bigarrenean, errubia, zafiroa eta beriloa;

19 hirugarrenean, opaloa, agata eta amatista,

20 eta laugarrenean, krisolitoa, onizea eta jaspea. Harribitxiok urre-begietan sartuko dituzu.

21 Hamabi izan behar dute, hamabi baitira Israelgo leinuak; harri bakoitzean izen bat zizelkatuko duzu, zigiluen erara.

22 Bularrekoari urre garbizko katetxoak soka bihurrituen antzera egingo dizkiozu.

23 Egin urrezko bi eraztun ere eta erantsi bularrekoaren bi ertzei.

24 Katigatu ondoren urrezko bi katetxoak bularreko ertzen eraztunetan,

25 eta itsatsi katetxoen muturrak bi urre-harizko apaingarriei, eta lotu efodaren sorbalda-babeskiei aurrealdetik.

26 Egin urrezko beste bi eraztun eta erantsi bularrekoaren beste bi muturrei, barrualdetik, efodaren kontra dagoen aldetik.

27 Egin urrezko bi eraztun gehiago eta ipini efodaren sorbalda-babeskien aurrealdeko barrenean, josturen ondoan, efodaren xingola baino goraxeago.

28 Honela, bularrekoaren eraztunak efodarenei lotuko zaizkie purpura morezko lokarriz, bularrekoa efodaren xingola baino gorago gelditzeko moduan eta efodari itsatsia.

29 Aaronek, epaiketarako bularrekoan idatziriko israeldarren izenak, bular gainean eramango ditu santutegian sartzean, eta Jaunak beti gogoan izango dituela adieraziko du horrek.

30 Ipini epaiketarako bularrekoaren barruan “Urim” eta “Tumim” epaigailuak; Aaronek bular gainean eramango ditu, Jaunaren aurrera aurkeztean. Honela, Aaronek beti eramango ditu bular gainean, Jaunaren aurrean, Israelgo semeek Jaunaren nahia ezagutzeko dituzten tresna horiek.

Beste jantzi sakratuak

31 «Efodaren azpiko mantua purpura morez egingo duzu;

32 erdian zuloa izango du buruarentzat, eta zuloaren inguru-ertza ehun gogorrezkoa egingo diozu, bular-oskola bezain urraezina.

33 Apaindu mantuaren barreneko ertza purpura more, gorri eta gorriminezko granadez, ertzaren inguru guztian urrezko txilinak tartekatuz:

34 txilinak eta granadak txandaka.

35 Aaronek soinean eramango du mantu hori apaiz-zerbitzua betetzean; santutegian Jaunaren aurrera sartzean eta handik ateratzean, txilin-hotsa adituko da; horrela, ez da hilko.

36 «Urre garbizko xafla egingo duzu eta, zigilu batean bezala, hitz hauek zizelkatuko bertan: “Jaunari sagaratua”;

37 ezarri xafla buruzapiaren gainean, aurrealdetik, purpura morezko lokarriz loturik.

38 Honela, Aaronek bekokian izango du beti, eta bere gain hartuko ditu israeldarrek Jainkoaren zerbitzuan, eskaintza sakratuak egitean, egin ditzaketen hutsak; xafla beti bekokian izango duenez, onartu egingo ditu Jaunak israeldarren eskaintzak.

39 «Apaiz-tunika liho finez bordatua egingo duzu, eta buruzapia ere liho finezkoa izango da; gerrikoa apain bordatua egingo duzu.

40 «Aaronen semeentzat ere apaiz-jantziak, gerrikoak eta kapelak egingo dituzu, apaizgoaren duintasuna adierazteko.

41 «Jantzi hauek ipiniko dizkiezu zeure anaia Aaroni eta beronen semeei eta, olioz gantzutuz, apaizgoa emango diezu; horrela, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko dituzu.

42 Egizkiezu lihozko galtzak ere, gerritik izterrerainokoak, biluztasuna estaltzeko.

43 Aaronek eta beronen semeek soinean eramango dituzte elkarketa-etxolara sartu eta santutegian apaiz-zerbitzua betetzeko aldarera hurbiltzean, hutsen bat egin eta hil ez daitezen. Betiko legea izango da hau Aaronentzat eta beronen ondorengoentzat.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40