1 Moisesek ihardetsi zion:—Baina ez didate sinetsiko, ez jaramonik egingo; Jauna ez zaidala agertu esango didate.
2 —Zer duzu eskuan? —galdegin zion Jaunak.—Makila —Moisesek erantzun.
3 Jaunak agindu zion:—Jaurti lurrera.Moisesek lurrera jaurti eta, bat-batean, suge bihurtu zen. Moises ihesi joan zen sugearengandik.
4 Baina Jaunak esan zion:—Luzatu eskua eta heldu isatsetik!Eskua luzatu eta heldu egin zion, eta sugea makila bihurtu zen berriro eskuan.
5 Jaunak jarraitu zuen:—Ea horrela sinesten duten Jauna, zuen arbaso Abraham, Isaak eta Jakoben Jainkoa, agertu zaizula.
6 —Orain sartu eskua golkoan —esan zion Jaunak.Sartu zuen Moisesek eta, berriro ateratzean, eskua elurra bezain zuri zeukan legenaz.
7 Orduan, Jaunak esan zion:—Sartu berriro eskua kolkoan.Hala egin zuen Moisesek eta, ateratzean, beste gorputz-atal guztiak bezain ongi zeukan.
8 Gero, Jaunak esan zion:—Lehenengo miraria egitean ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, bigarrena egitean sinetsiko dizute;
9 baina ez badizute sinesten, ez jaramonik egiten, atera ura ibaitik eta isuri lurrean: ura odol bihurtuko da.
10 Moisesek esan zion Jaunari:—Ai Jauna! Ni ez naiz hizketan trebea; ez naiz sekula izan, ezta orain ere, zuk niri hitz egin ondoren. Hizmotela nauzu, hizketarako traketsa.
11 Jaunak erantzun zion:—Nork eman dio mihia gizakiari? Nork egiten du gizakia mutu ala gor, itsu ala ikusle, nik, Jaun honek, izan ezik?
12 Zoaz, bada; zeurekin izango nauzu hitz egin behar duzunean, zer esan adierazteko.
13 Moisesek, ordea, esan zion:—Arren, Jauna, ni ez, bidali besteren bat.
14 Haserretu zen Jauna Moisesen aurka eta esan zion:—Hor duzu Aaron zeure anaia, lebitarra. Badakit ongi hitz egiten duela. Gainera, bidera datorkizu bera, eta asko poztuko da zu ikusteaz.
15 Berari adieraziko diozu zer esan behar duen; ni, berriz, zeuekin biokin izango nauzue, hitz egin behar duzuen bakoitzean. Eta zer egin eta zer esan ere irakatsiko dizuet.
16 Zuk nire mezua Aaroni adieraziko diozu eta bera mintzatuko zaio zure ordez herriari.
17 Hartu eskuan makila, beronen bidez egingo baitituzu mirariak.
18-19 Moises bere aitaginarreba Jetrorengana itzuli zen. Madianen zegoela, Jaunak esan zion: «Itzuli Egiptora, hilak baitira zu hil nahian zebiltzanak».Orduan, Moisesek Jetrori esan zion:—Uztazu joaten. Egipton diren neure anaiengana itzuli behar dut, oraindik bizirik dirauten ikusteko.Jetrok erantzun zion:—Zoaz bakean.
20 Emaztea eta semea hartu eta asto gainera igoaraziz, Egiptora itzuli zen Moises; Jainkoaren makila zeraman berekin.
21 Jaunak beste hau ere esan zion: «Egiptora bidean, ez ahaztu zure esku utzi ditudan egintza harrigarri guztiak, faraoiaren aurrean burutu behar dituzu eta. Halaz guztiz ere, setatsu bihurtuko dut faraoia eta ez dio herriari joaten utziko.
22 Orduan, faraoiari esango diozu: Honela dio Jaunak: Ene lehen-semea dut Israel.
23 Nire semeari irteten uzteko esan dizut, gurtzera joan dakidan, baina ez duzu nahi izan; beraz, nik zure lehen-semea hilaraziko dut».
24 Bidean, gaua igaro behar zuten lekuan, Jauna Moisesi bidera atera zitzaion eta hil egin nahi zuen.
25 Tziporak suharrizko aizto bat hartu, bere semeari zakil-muturra moztu eta beronekin Moisesi sexua ukitu zion, esanez: «Odol-senarra zaitut».
26 Semea erdaindu zuelako esan zion hori.Orduan, Jaunak joaten utzi zion.
27 Bien bitartean, honela agindu zion Jaunak Aaroni: «Zoaz Moisesengana, basamortura». Joan eta, Jainkoaren mendian aurkiturik, besarkatu egin zuen.
28 Orduan, Jaunak emaniko mezua eta egiteko aginduriko mirariak adierazi zizkion Moisesek bere anaiari.
29 Ondoren, elkarrekin joan ziren Israelgo herri-arduradunak biltzera.
30 Jaunak Moisesi esandako guztia kontatu zien Aaronek, eta Moisesek mirariak egin zituen herriaren aurrean.
31 Sinetsi zuen herriak, eta Jauna alde jarri zitzaiela eta beren atsekabean begiak jarriak zituela jakitean, ahuspeztu eta gurtu egin zuten.