Irteera 29 EABD

Apaizen sagarapena

1 «Hona nola sagaratuko dituzun nire apaiz-zerbitzurako. Hartu akats gabeko zekor bat eta bi ahari;

2 egin gari-irin zuriz legamia gabeko ogiak, olioz oraturiko opilak eta oliotan bustiriko taloak,

3 eta ezarri saski batean; gero, aurkeztu saskia zekorrarekin eta bi ahariekin batera.

4 «Hurbilarazi Aaron eta beronen semeak elkarketa-etxolara, eta garbi daitezela urez.

5 Hartu apaiz-jantziak eta jantzi Aaroni tunika, mantua, efoda eta bularrekoa, eta lotu efoda xingolaz;

6 ezarri buruzapia eta, beroni itsatsia, xafla sakratua.

7 Hartu gero gantzuketa-olioa eta, hari burura isuriz, gantzutu egingo duzu.

8 Hurbilarazi Aaronen semeak ere; jantzi tunikak,

9 lotu gerrikoa —Aaroni eta beronen semeei— eta ezarri kapelak. Eta betiko izango dira apaiz. Honela emango diezu apaizgoa Aaroni eta beronen semeei.

10 «Ondoren, eraman zekorra elkarketa-etxolaren aurrera. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote.

11 Hil zekorra Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran.

12 Gero, hartu zekorraren odoletik, eta behatzez aldare-ertzeko adarrak igurtziko dituzu. Gainerako odola aldare-oinean isuriko duzu.

13 Kendu hesteak, gibela eta giltzurrunak estaltzen dituen gantza, eta erre aldare gainean.

14 Zekorraren okela, larrua eta hondakinak kanpalekutik aparte erreko dituzu, bekatuaren barkamenerako sakrifizioa da eta.

15 «Ondoren, hartu aharietako bat. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote.

16 Hil aharia eta, haren odoletik harturik, aldare-ingurua zirtatuko duzu.

17 Gero, zatikatu aharia, garbitu haren heste eta hankak, eta jarri okela-zatien eta buruaren ondoan.

18 Guztia aldare gainean oso osorik erreko duzu, Jaunarentzat erre-opari gisa, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

19 «Ondoren, hartu beste aharia. Aaronek eta beronen semeek buruan eskuak ezarriko dizkiote.

20 Hil aharia eta, haren odoletik harturik, igurtzi Aaronen eta beronen semeen eskuineko belarria eta eskuineko eskuko eta eskuineko oineko erpuruak, eta isuri gainerako odola aldare inguruan.

21 Hartu aldare gaineko odoletik eta gantzuketa-oliotik, eta zipriztindu Aaron eta beronen jantziak eta semeak eta berauen jantziak. Honela, bai Aaron eta semeak, bai berauen jantziak, sagaraturik geldituko dira.

22 Hartu ahariaren buztaneko gantza, hesteen gainekoa eta gibela estaltzen duena, giltzurrunak eta itsatsirik daukaten gantza, eta eskuineko izterra; apaizen sagarapenerako aharia da hau.

23 Hartu gero Jaunaren aurrean dagoen legamia gabeko ogien saskitik ogi biribil bat, oliotan oraturiko opil bat eta talo bat;

24 ezarri dena Aaronen eta beronen semeen eskuetan, eta aurkez biezaiote Jaunari, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

25 Gero, hartu haien eskuetatik berriro eta erre dena aldarean, Jaunarentzat erre-opari gisa eskainitakoaren gainean, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

26 Hartu Aaronen sagarapenerako ahari honen bularra, eta aurkeztu Jaunari errituzko aurkezpen-keinua eginez. Hori izango da zuri dagokizun zatia.

27 Bereizi aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra Aaronentzat eta beronen semeentzat.

28 Horixe izango da betiko Aaronek eta beronen semeek israeldarrengandik jasoko duten zatia; hori gordeko diete israeldarrek, Jaunari eskaintzen dizkioten elkartasun-oparietatik hartuz.

29 «Aaronen arropa sakratuak beraren semeengana eskualdatuko dira, eta sagaratzean eta apaizgoa hartzean jantziko dituzte.

30 Zazpi egunez eramango ditu Aaroni karguan jarraituko dion semeak, kultu-zerbitzua santutegian betetzeko elkarketa-etxolara sartzean.

31 «Hartu gero sagarapeneko aharia eta egosi haren okela toki sakratuan.

32 Aaronek eta semeek elkarketa-etxolaren sarreran jango dituzte ahari-okela eta saskiko ogia.

33 Beraiek bakarrik jan ahal izango dute sagaratzerakoan eta apaizgoa hartzerakoan bekatuen barkamenerako erabilitakoa. Ezin izango du jan beste inork horretatik, gauza sakratuak dira eta.

34 Sagarapeneko okelarik edo ogirik biharamunerako gelditzen bada, erre egingo duzu; ez du inork jango, sakratua da eta.

35 «Egin, Jaunak agindu bezala, Aaroni eta beronen semeei dagokien hori guztia. Zazpi egun iraungo du apaizgoa emateko ohikuneak.

36 Egunean zekor bat eskainiko duzu bekatuen barkamen-oparitzat; aldarearen garbikuntza egingo duzu, barkamen-oparia bertan eskainiz, eta sagaratu egingo duzu, olioa isuriz.

37 Zazpi egunez egingo dituzu garbikuntza- eta sagarapen-ohikuneak; horrela, guztiz sakratua izango da aldarea, eta hori ukitzen duena ere sakratu gertatuko da.

Eguneroko bi sakrifizioak

38 «Eguneroko oparitzat, urtebeteko bi arkume eskainiko dituzu aldarean:

39 goizean bata eta ilunabarrean bestea.

40 Lehenengoarekin batera, eskaini lau kilo irin zuri, litro bat olio garbiz oratua, eta isuri litro bat ardo.

41 Labore-opari eta isur-opari berdina egingo duzu ilunabarrean beste arkumearekin, eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

42 Eguneroko erre-opari horiek belaunez belaun egingo dituzte Jaunaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, zurekin mintzatzeko elkartuko natzaizun lekuan.

43 Han elkartuko natzaie israeldarrei, eta leku hura nire aintzaz beteko dut eta sagaratuko.

44 Elkarketa-etxola eta aldarea sagaratuko ditut; baita Aaron eta beronen semeak ere, nire apaiz-zerbitzurako.

45 Israeldarren artean biziko naiz eta Jainko izango naute.

46 Honela jakingo dute Jauna naizela ni, beraien Jainkoa, eta beren artean bizitzeko atera nituela Egiptotik. Neu naiz Jauna, haien Jainkoa.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40