Irteera 22 EABD

1 «Gauez etxea zulatzen harrapatu eta lapurra jo eta hiltzen duena ez da hilketaren errudun.

2 Baina gauza bera egun-argitan gertatuz gero, hilketaren errudun da hiltzailea.«Ostu duen guztia ordaindu beharko du lapurrak; nola ordaindurik ez badu, bera salduko dute lapurtu duenaren ordain.

3 Ostutako aberea —idi, asto nahiz ardi— bere eskumende eta bizirik aurkitzen badiote, bi halako ordainduko du.

4 «Norbaitek bere abereak sorora nahiz mahastira larratzera atera eta beste baten soroan larratzen uzten baditu, bere soro nahiz mahastiko emaitzarik hoberenez ordainduko du.

5 «Norbaitek sua egiten badu eta suak, sasitan zabalduz, gari metatua, gari heldua nahiz erein berria erretzen badu, egindako kalteak ordainduko ditu.

Maileguei buruzko legeak

6 «Norbaitek beste bati dirua nahiz beste gauzaren bat gordetzeko utzi eta honi etxetik osten badiote, lapurrak bi halako ordainduko du, aurkitzen badute;

7 aurkitzen ez badute, berriz, etxeko nagusia Jainkoaren aurrera aurkeztuko da, eta bere lagunaren ondasunik ez duela ukitu aitortuko.

8 «Jabegoari buruzko auzietan, norbaitek idi, asto, ardi, arropa nahiz desagertua zen beste edozein gauza berea dela aitortzen badu, auzia Jainkoari aurkeztuko zaio, eta Jainkoak errudun aitortzen duenak bi halako ordainduko dio besteari.

9 «Norbaitek asto, idi, ardi nahiz beste abereren bat beste bati zaintzeko utzi, eta aberea hila, zauritua edo lapurtua gertatzen bada, eta inork ikusi ez,

10 hartzaileak Jaunaren izenean zin egingo dio jabeari, berari utzitakoa ez duela ukitu aitortuz. Jabeak haren zin-hitza onartuko du, eta hark ez du ordaindu beharrik izango.

11 Baina bere begi-bistan ostu badiote, ordaindu egin beharko dio jabeari.

12 Piztiaren batek sarraskitu badu, hala gertatu delakoaren frogak aurkeztuko ditu, eta ez du ordaindu beharrik izango.

13 «Norbaitek beste bati aberea uzteko eskatu, eta aberea zauritua edo hila gertatzen bada, jabea bertan ez bazen, ordaindu egin beharko dio kaltea;

14 jabea bertan bazen, berriz, ez du ordaindu beharrik izango. Baldin aberea alokatua badu, alokairu-saria bakarrik emango dio».

Moral- eta erlijio-alorreko legeak

15 «Ezkontza-hitza eman gabeko neskatxa norbaitek liluratzen badu eta harekin oheratzen, dotea eman eta emaztetzat hartu beharko du.

16 Neskatxaren aitak emaztetzat eman nahi ez badio, berriz, neska birjinei dagokien dotea eman beharko du.

17 «Ez utzi sorginik bizirik.

18 «Abereekin haragizko bekatua egiten duenak heriotza-zigorra izango du.

19 «Jauna ez beste jainkoren bati sakrifizioak eskaintzen dizkiona erabat suntsitua izango da.

Ahulen aldeko legeak

20 «Ez zurrupatu, ez zapaldu etorkinak, zuek ere etorkin izan baitzarete Egipton.

21 «Ez erabili gaizki alarguntsak eta umezurtzak;

22 zeren, gaizki erabiltzen badituzue, haiek niregana laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo baitiet:

23 haserre bizitan jarriko naiz eta gerraz hilko zaituztet; orduan, zuen emazteak bihurtuko dira alargun eta zuen seme-alabak umezurtz.

24 «Zuekin bizi den nire herriko dohakaberen bati dirua maileguz ematen badiozue, ez izan zeken berarekin, ez ezarri interesik.

25 «Soingainekoa hartzen badiozue bahituran, itzuli eguzkia sartzerako,

26 ez baitu hori beste estalkirik. Zerekin babestuko da, bestela, etzaterakoan? Laguntza eske deiadar egitean, entzun egingo diot, errukiorra bainaiz ni.

Erlijio-alorreko beste aginduak

27 «Ez iraindu Jainkoa, ezta madarikatu herriko buruzagia ere.

28 «Egin luzatu gabe uzta guztien eta ardoaren eskaintza.«Sagaratu niri zeuen lehen-semea,

29 baita zeuen behi eta ardien lehen-kumeak ere. Zazpi egunez amarekin geldituko dira, baina zortzigarrenean niri sagaratuko dizkidazue.

30 «Niri sagaraturiko pertsonak behar duzue izan.«Ez jan piztiek oihanean sarraskituriko abereen okelarik; zakurrei botako diezue.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40