Irteera 18 EABD

Moisesek eta beronen aitaginarreba Jetrok elkar aurkitu

1 Jakin zuen Madiango apaiz eta Moisesen aitaginarreba zen Jetrok, Jainkoak Moisesen eta bere herriaren alde egin zuen guztia: nola atera zituen israeldarrak Egiptotik.

2 Jetrok, Moisesen aitaginarrebak, etxean jasoak zituen Moisesek bere ondotik bidali zituen Tzipora emaztea

3 eta bi semeak. Hauetako bati Gerxom —hau da, «Etorkin hemen»— zeritzon, Moisesek esan zuenagatik: «Etorkin bilakatu naiz lurralde arrotzean»;

4 besteari Eliezer —hau da, «Nire Jainkoa lagun»— zeritzon, honela esan baitzuen Moisesek: «Nire aitaren Jainkoa laguntzera etorri zait eta faraoiaren ezpatatik libratu nau».

5 Jetro aitaginarreba Moisesengana joan zen honen emazte eta semeekin, basamortuan kanpatua zegoen tokira, Jainkoaren mendira.

6 Mandatu hau bidali zion Moisesi: «Neu, zure aitaginarreba Jetro, nator zu ikustera, zeure emazte eta semeekin».

7 Moises bere aitaginarrebari bidera atera zitzaion, eta, ahuspezturik, besarkatu egin zuen; elkar agurtu ondoren, oihal-etxolan sartu ziren.

8 Moisesek Jetrori kontatu zion Jaunak faraoiaren eta egiptoarren bizkarretik Israelen alde egin zuen guztia, bidean izan zituzten eragozpenak, eta nola libratu zituen Jaunak guztiotatik.

9 Jetro poztu egin zen, egiptoarren eskuetatik libratuz Jainkoak israeldarrei egin zien on guztiarengatik,

10 eta esan zion: «Bedeinkatua Jauna, faraoiaren eta egiptoarren eskuetatik libratu zaituena!

11 Orain bai, badakit jainko guztien aldean handia dela Jauna, egiptoarrek herria harrokeriaz erabili zutelarik, haien menpetik libratu baitu».

12 Moisesen aitaginarreba Jetrok erre-opari eta sakrifizioak eskaini zizkion Jainkoari. Gero, Aaron eta Israelgo arduradun guztiek otordua egin zuten Moisesen aitaginarrebarekin Jainkoaren aurrean.

Moisesek epaile laguntzaileak hautatu

13 Biharamunean, Moises herriaren auziak erabakitzera eseri zen; jendea zutik zegoen haren aurrean goizetik arratsera.

14 Moises herriarekin egiten ari zena ikusirik, aitaginarrebak galdegin zion:—Zer ari zara egiten herriarekin? Nola ari zara zeu bakarrik epaitzen, jendea egun osoan zutik egotera behartuz?

15 Moisesek erantzun zion:—Herria niregana dator, Jainkoaren nahia ezagutzeko.

16 Elkarren arteko arazoren bat dutenean, niregana jotzen dute, eta nik erabakia ematen diet eta Jainkoaren arauak eta legeak ezagutarazten.

17 Honela ohartarazi zion aitaginarrebak:—Zure jokaera ez da egokia.

18 Leher eginak geldituko zarete, bai zeu, bai zeurekin duzun herria, astunegia baita zeregin hau zeuk bakarrik bete ahal izateko.

19 Onar ezazu, bada, nire aholkua, eta izan dezazula lagun Jainkoa! Zu herriaren ordezkari zara Jainkoaren aurrean eta herriaren arazoak aurkeztu behar dizkiozu berari;

20 jendeari, berriz, arauak eta legeak irakatsi eta nola bizi eta jokatu behar duten jakinarazi.

21 Gainerakoetarako, bereiz itzazu herri osoaren artetik gizon iaioak, Jainkoari begirune diotenak, fidagarriak eta eskupeko-zale ez direnak, eta ezarri mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen buru.

22 Hauek epaituko dute herria aldi oro; arazo nagusienak zeuri ekarriko dizkizute, baina garrantzi gutxiagokoak beraiek erabakiko dituzte. Honela, zama arinduko dizute eta eramaten lagunduko.

23 Hala jokatzen baduzu eta Jainkoak hala nahi badu, eutsi ahal izango diozu zeure egitekoari eta jende guztia bakean itzuliko da nor bere txokora.

24 Onartu zuen Moisesek bere aitaginarrebaren aholkua eta haren esanaren arabera egin zuen:

25 Israelgo gizonik iaioenak aukeratu eta herriko buru ezarri zituen, mila, ehun, berrogeita hamar eta hamarreko taldeen gain aginpidea emanez.

26 Hauek epaitzen zuten herria aldioro; arazo korapilotsuenetan Moisesengana jotzen zuten, baina garrantzi gutxiagokoak beraiek erabakitzen zituzten.

27 Ondoren, Moisesek azken agurra egin zion bere aitaginarrebari, eta hau bere herrialdera itzuli zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28 29 30 31 32 33 34 35 36 37 38 39 40