13 «Odola izango duzue ezaugarri etxeetan. Odola ikustean, aurrera egingo dut; horrela, nik egiptoarrak jotzean, izurriak ez zaituzte zuek suntsituko.
14 «Egun hau gogoangarri izango duzue eta, Jaunaren ohorez, festa nagusiz ospatuko. Festa hau lege-indarrez ezarriko duzue belaunez belaun.
15 «Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue; beraz, lehenengo egunetik ez duzue legamiarik izango etxean. Zazpi egun horietan legamiadun ogia jango duen oro Israel herritik bota egingo dute.
16 Lehenengo egunean bezala azkenekoan batzar sakratua izango duzue. Egun horietan ez duzue lanik egingo, bazkaria prestatzeko ez bada.
17 Gorde, bada, Legamia gabeko Ogien Jai hau, egun horretantxe aterako baitzaituztet Egipto lurraldetik gudaroste baten gisan. Lege-indarrez gordearaziko duzue jai hau belaunez belaun betiko.
18 Lehen hilaren hamalauko arratsaldetik hogeita bateko arratsalde arte legamia gabeko ogia jango duzue.
19 Zazpi egun horietan ez duzue legamiarik izango etxean, zeren legamiadun ogia jango duen oro, etorkina nahiz bertakoa izan, israeldarren elkartetik bota egingo baitute.