24 Hau guztia lege-indarrez gordeko duzue beti, bai zeuek, bai zuen ondorengoek.
25 Ohikune hau ospatzen jarraituko duzue, Jaunak, bere hitza betez, emango dizuen lurraldean sartzen zaretenean.
26 Orduan, seme-alabek ohikune horren esanahiaz galdegitean,
27 hau erantzungo diezue: Jaunaren omenez dagigun Pazko-sakrifizioa da, zeren, egiptoarrak hil zituen hartan, Egipton bizi ziren israeldarren etxe parean aurrera igaro baitzen Jauna, gure familiak libratuz».Orduan, israeldarrak ahuspeztu egin ziren, Jauna gurtzeko.
28 Gero, joan eta Jaunak agindutako dena zehatz-mehatz bete zuten Moisesek eta Aaronek.
29 Gauerdian Jaunak egiptoar lehen-semeak oro hil zituen, errege-aulkian esertzen den faraoiaren lehen-semetik hasi eta kartzelan preso dagoenaren lehen-semeraino, baita lehen abere-kumeak oro ere.
30 Gaua zelarik altxatu ziren ohetik faraoia, funtzionarioak eta egiptoar guztiak. Garrasi latzak izan ziren Egipto osoan, ez baitzen hildakorik gabeko etxerik.