15 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zergatik ari zatzaizkit oihuka? Agindu israeldarrei egiteko aurrera.
16 Eta zuk altxa makila eta luzatu eskua itsaso gainera: banatu egingo da itsasoa eta herriak oinak busti gabe zeharkatuko du.
17 Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura.
18 Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».
19 Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen,
20 israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.
21 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz.