17 Nik setatsu bihurtuko ditut egiptoarrak eta atzetik segituko dizuete; orduan agertuko dut neure ahalmen handia faraoiaren eta beraren gudarostearen kontura, haien gurdi eta zaldunen kontura.
18 Hori gertatzean, jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna».
19 Israeldarren kanpamendu aurretik zihoan Jainkoaren aingerua atzealdera pasatu zen; laino-adarra ere lekuz aldatu eta atzealdean kokatu zen,
20 israeldarren eta egiptoarren kanpamenduen tartean jarriz. Lainoa ilunpe bihurtu zen egiptoarrentzat, israeldarrei gaua argitzen zien bitartean; hala, ez ziren batzuek besteengana hurbildu.
21 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera eta, Jaunak eraginda, ekialdeko haize indartsuak jo zuen gau osoan. Haizeak itsasoa lehortu egin zuen, urak bi multzotan banatuz.
22 Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.
23 Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldun guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziren.