22 Itsasoan zabaldutako lehor-bidetik igaro ziren israeldarrak, urak ezker-eskuin zituztela harresi gisa.
23 Egiptoarrak, faraoiaren zaldi, gurdi eta zaldun guztiak, israeldarrei erasoka itsas erdiraino sartu ziren.
24 Goizaldera, su- eta laino-adarretik Jaunak egiptoarren kanpamendura begiratu eta nahasmendua sorrarazi zuen haien artean.
25 Gurdien gurpilak trabatu zituen, nekez mugitzen zirela utziz. Orduan, egiptoarrek esan zuten: «Goazen ihesi israeldarrengandik, Jauna ari baita haien alde eta gure aurka».
26 Baina Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua itsaso gainera, urak egiptoarren gainera, gurdi eta zaldunen gainera, eror daitezen».
27 Luzatu zuen Moisesek eskua itsaso gainera. Eguna zabaltzean, urak ohiko lekura itzuli ziren eta egiptoarrek, ihesian, urekin tupust egin zuten: Jaunak itsas hondora amildu zituen egiptoarrak.
28 Beren lekura itzultzean, urek estali egin zituzten, israeldarrei erasoka itsasoan sartu ziren faraoiaren gurdi eta zaldunak, gudaroste osoa: ez zen bakar bat ere bizirik atera.