1 Israeldarren elkarte osoa, Jaunaren agindura, Sin basamortutik abiatu zen, geldiuneak eginez. Refidimen ezarri zuten kanpalekua, baina ez zen han urik herriak edateko.
2 Orduan, aurpegi eman zioten Moisesi, esanez:—Emaguzu ura edateko!Moisesek erantzun zien:—Zer dela eta ematen didazue aurpegi niri? Zergatik tentatzen duzue Jauna?
3 Baina egarri zen herria bazter hartan, eta marmarrean hasi zen Moisesen aurka, esanez:—Honetarako atera al gaituzu Egiptotik, geu, geure seme-alabak eta abereak egarriak hilarazteko?
4 Moisesek deiadar egin zion Jaunari:—Zer egin diezaioket herri honi? Ia-ia harrika egin didate!
5 Jaunak erantzun zion:—Pasa herriaren aurrealdera, eta hartu zeurekin zenbait herri-arduradun. Hartu eskuan Nilo ibaia jotzeko erabili zenuen makila, eta zoaz.
6 Han izango nauzu ni, Horeb mendiko harkaitzean. Harkaitza jo eta ura sortuko da, herriak edan dezan.Hala egin zuen Moisesek, Israelgo arduradunen aurrean.
7 Leku hari Masa eta Meriba —hau da, «Tentalekua» eta «Auzi-lekua»— eman zion izena, han berari aurpegi eman eta Jauna tentatu zutelako, esanez: «Jauna geurekin dugu, bai ala ez?»