11 baina zazpigarrenean atseden emango diozue lurrari, landu gabe utziz; lurrak berez emango duena herriko behartsuek jango dute, eta gainerakoa basapiztiek irentsiko. Gauza bera egingo duzue zeuen mahasti eta olibadiekin.
12 «Sei egunez egingo dituzue zeuen eginbeharrak, baina zazpigarrenean atseden hartuko duzue; horrela, zuen idi eta astoek ere atseden hartu ahal izango dute, eta zuen esklaboa eta etorkina indarberritu egingo dira.
13 «Bete nik esandako guztia; ez diezue beste jainkoei otoitz egingo, ez aipatuko ere haien izenik.
14 «Ospatu hiru jai urtean nire omenez.
15 «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia; nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik azalduko.
16 «Halaber, ospatu uzta-jaia, soroan erein duzuenaren lehen fruituena; baita urteburuko uzta-biltzearena ere, zeuen soroetako lanaren fruituak biltzen dituzuenekoa.
17 «Beraz, urtean hiru aldiz aurkeztuko dira gizaseme guztiak Jainko Jaunaren aurrera.