1 Jaunak esan zion Moisesi: «Igo niregana Aaron eta biok, Nadab, Abihu eta Israelgo arduradunetako hirurogeita hamarrekin batera, eta, urruti samar geldituz, jar zaitezte ahuspez.
2 Zu bakarrik hurbilduko zara niregana; gainerakoak, ez; herria, berriz, ez da igoko zurekin».
3 Jaunak esana eta erabakia adierazi zizkion Moisesek herriari, eta honek erantzun zion aho batez: «Jaunak esandako guztia egingo dugu».
4 Moisesek idatzi egin zuen Jaunak esandakoa. Biharamunean, goizean goiz jaikirik, aldarea eraiki zuen mendi barrenean, eta hamabi zutarri ere bai Israelgo hamabi leinuen izenean.
5 Ondoren, zezenak hil eta Jaunari erre-opari eta elkartasun-oparitzat eskaintzeko agindu zien israeldar gazte batzuei.
6 Moisesek odolaren erdia hartu eta ontzietan ipini zuen, eta beste erdia aldarera isuri.
7 Gero, itun-liburua hartu eta herriari irakurri zion. Herriak erantzun zuen: «Onartuko dugu eta beteko Jaunak esandako guztia».