16 Zuk nire mezua Aaroni adieraziko diozu eta bera mintzatuko zaio zure ordez herriari.
17 Hartu eskuan makila, beronen bidez egingo baitituzu mirariak.
18-19 Moises bere aitaginarreba Jetrorengana itzuli zen. Madianen zegoela, Jaunak esan zion: «Itzuli Egiptora, hilak baitira zu hil nahian zebiltzanak».Orduan, Moisesek Jetrori esan zion:—Uztazu joaten. Egipton diren neure anaiengana itzuli behar dut, oraindik bizirik dirauten ikusteko.Jetrok erantzun zion:—Zoaz bakean.
20 Emaztea eta semea hartu eta asto gainera igoaraziz, Egiptora itzuli zen Moises; Jainkoaren makila zeraman berekin.
21 Jaunak beste hau ere esan zion: «Egiptora bidean, ez ahaztu zure esku utzi ditudan egintza harrigarri guztiak, faraoiaren aurrean burutu behar dituzu eta. Halaz guztiz ere, setatsu bihurtuko dut faraoia eta ez dio herriari joaten utziko.
22 Orduan, faraoiari esango diozu: Honela dio Jaunak: Ene lehen-semea dut Israel.
23 Nire semeari irteten uzteko esan dizut, gurtzera joan dakidan, baina ez duzu nahi izan; beraz, nik zure lehen-semea hilaraziko dut».