15 Zoaz bihar goizean berarengana, Nilo ibaira doanean. Itxaroiozu ibaiertzean; eraman zeurekin suge bihurtu den makila.
16 Eta esaiozu: Jaunak, hebrearren Jainkoak, zuregana bidali nau bere herriari joaten uzteko esatera, basamortuan gurtza eman diezaioten. Zuk muzin egin duzu orain arte,
17 baina orain aitortu beharko duzu nor den benetan Jauna: eskuan dudan makilaz ibaiko urak jotzean, odol bihurtuko dira.
18 Hil egingo dira arrainak eta kirastua geldituko ibaia: ezin izango dute egiptoarrek Niloko urik edan».
19 Jaunak esan zion, gainera, Moisesi: «Esaiozu Aaroni makila hartu eta besoa luzatzeko Egiptoko ibai, erreka, zingira eta urtegi guztietara, urak odol bihur daitezen. Honela, Egiptoko bazter guztietan odola izango da, baita zurezko eta harrizko ontzietan ere».
20 Moisesek eta Aaronek Jaunak agindua egin zuten. Aaronek makila altxatu eta ibaiko ura jo zuen faraoiaren eta funtzionarioen begi aurrean, eta ura odol bihurtu zen.
21 Hil egin ziren arrainak eta kirastua gelditu zen ibaia; egiptoarrek ezin izan zuten bertako urik edan. Odola zegoen Egipto lurralde osoan!