1 Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana eta esaiozu: Hau dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten.
2 Baina utzi nahi ez eta bertan gelditzera behartzen badituzu,
3 Jaunaren zigorra landako abereen gainera eroriko da, zaldi, asto, gamelu, behi eta ardien gainera; izurri larria izango da.
4 Baina Jaunak bereizkuntza egingo du israeldarren eta egiptoarren abereen artean: ez da israeldarren abererik bat bera ere hilko».
5 Jaunak, gainera, epea ezarri zuen, esanez: «Bihar egingo dut hau lurralde honetan».
6 Biharamunean, esana bete zuen Jaunak: egiptoarren abereak oro hil ziren, eta bat ere ez israeldarrenen artean.
7 Faraoiak ikertzeko agindu zuen, eta egia zen israeldarren abererik ez zela galdu. Hala ere, bere teman jarraitu zuen faraoiak eta ez zien israeldarrei joaten utzi.