1 Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta tenpluaren ekialdeko aterantz eraman; sarreran hogeita bost gizon zeuden, eta haien artean herriko buruzagi ziren Jaazanias, Azurren semea, eta Pelatias, Benaiasen semea, ikusi nituen.
2 Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hona hemen hirian gaiztakeriak asmatu eta egitasmo txarrak prestatzen dituztenak.
3 Esaten dute: “Ez dira berehalakoan etxeak eraikiko; baina gu seguru gaude hirian, haragia tupinan bezala”.
4 Beraz, hitz egin nire izenean horien aurka, hitz egin, gizaseme».
5 Espirituak hartu ninduen eta Jaunaren mezu hau adierazteko agindu zidan: «Badakit zer ari zareten esaten, israeldarrok; badakit zer darabilzuen gogoan.
6 Kaleak hildakoz betetzeraino ugaritu dituzue hilketak hirian.
7 Horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hiri erdian utzi dituzuen hilak dira haragia, eta hiria tupina; baina zuek atera egingo zaituztet bertatik.